Euskal dantzaren eta folklorearen inguruko festa, gaurtik igandera
Hondarribia Dantzanen hemezortzigarren ekitaldia abiatuko da gaur arratsaldean. Eskualde mailan euskal dantza sustatzea, eta tokiko zein "Euskal Herri luze zabaleko" tradizio dantzatua zabaltzea du helburu.

Atzo goizean aurkeztu zuten Kemen Dantza Taldeak urtero antolatzen duen Hondarribia Dantzan. Lau egunez euskal dantzan eta folklorean murgiltzeko aukera izango dute haur gazte eta helduek. “Asteburu polita izaten da, Euskal Herriko dantza eta dantzariak ezagutzeko aukera ematen duelako” esan zuen Ortzi Alonso zinegotziak aurkezpenaren hasieran. Hemezortzi ekitaldi egingo ditu aurten, udalaren eta Kemenen arteko elkarlanari esker.
Zinegotziak, gainera, Kemen Dantza Taldea harrobiarekin (Adaxkarekin) egiten ari den lana nabarmentzeko baliatu zuen aukera; “izan ere, gaur egun gero eta joera handiagoa dago dantza mota garaikidetara joateko eta lortzea euskal dantzarekin haur eta gazteak lotura izatea izugarria da, hor dago erronka”.
Zinegotziaren ondoren Kemen Dantza Taldeko Mikel Buttonek hartu zuen hitza. Lehenik eta behin udalari eskerrak eman zizkion “urte hauetan guztietan laguntza emateagatik” eta ondoren, programazioan sakontzeari ekin zion. “Kemenen helburu nagusietako bat eskualde mailan euskal dantza sustatzea , eta tokiko zein Euskal Herri luze zabaleko tradizio dantzatua zabaltzea da” azaldu zuen.
Eta hori da, hain zuzen, Hondarribia Dantzanen helburu nagusienetako bat. Euskal Herriko “txoko ezberdinetako” dantzak eta ohiturak Hondarribira ekartzea, “eta noski, herritarrek ikusi eta gozatu ahal izatea”. Aurten Nafarroa hartu dute erdigune eta Arma Plazan jarrita dagoen erakusketatik hasita -hilaren 25era arte izango da ikusgai-, Momotxorro dokumentala -Altsasuko inauterien berreskuraketari buruzkoa-, Otsagabiako dantzariak -lehen aldiz izango direnak Hondarribian-, eta Gamazada antzerki eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Azken hau, gainera, Nafarroako gertakari historiko batean oinarrituta dagoela nabarmendu du Buttonek.
Azkenik, igandean, Dantzari Txiki eguna ospatuko dute. Kemen Dantza Taldearentzat egun “oso berezia” izaten dela azaldu zuen Buttonek, “harrobiko dantzariek dantzatzeko aukera dutelako eta beste hainbat herrietako dantzariak etorriko direlako”.
Aurten, Adaxkako (Kemen Dantza Taldearen harrobia), Ortzadar Euskal Folklore taldeko (Iruña), Tantirumairu Dantza Taldeko (Lesaka), Lurra Dantza Taldeko (Urretxu), Akelarre Dantza taldeko (Hendaia) eta Hondarribiko musika eskolako dantzariek parte hartuko dute. 11:00etatik aurrera kalejiran arituko dira herrian zehar, 12:30ean dantza emanaldia egingo dute Arma Plazan eta 16:00tan erromeria izango da Soroetan.
Aurkezpena isteko, herritar guztiei prestatutako ekintzetan parte hartzeko gonbita luzatu die Buttonek.
Maiatzak 13-25: Jantzi erakusketa, Nafarroako dantza, tradizio eta jaien jantziak – Arma Plazan
Maiatzak 22: Dokumentala eta mahai-ingurua, Momotxorroak, kaos baten istorioa – 19:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean
Maiatzak 23: Dantza emanaldia, Otsagabiako Dantzariak eta Kemen Dantza Taldea – 19:00etan, Santa Maria Madalena plazan
Maiatzak 24: Gamazada ikuskizuna, Ortzadar Folklore taldea – 19:00etan Arma Plazan
Maiatzak 25: Dantzari txiki eguna, Adaxka – Kemen Dantza Taldea, Ortzadar Euskal Folklore taldea (Iruña), Tantirumairu Dantza Taldea (Lesaka), Lurra Dantza Taldea (Urretxu), Akelarre Dantza taldea (Hendaia) eta Hondarribiko musika eskolako dantzariak. 11:00etatik aurrera kalejira herrian zehar. 12:30ean dantza agerraldia Arma Plazan eta 16:00etan erromeria Soroetan.