Abotsanitzek irmo erantzun die terrazen ordenantzari buruz EAJk atzo egindako akusazioei
Atzoko egunez Hondarribiko EAJ alderdiak terrazei buruko ordenantza berriari buruzko dokumentazioa, hura eztabaidatuko den batzordea egin baino 45 ordu lehenago jaso izana salatu zuen. Gaurkoan, Abotsanitzek erantzun egin die akusazio horiei.

Gaur arratsaldean terrazen ordenantzari buruzko dokumentua batzordera eramango du udal gobernu taldeak. Horren aurrean, dokumentazioa 45 ordu lehenago soilik jaso izana salatu zuen atzo EAJk, eta aldez aurretik inolako lan bilerarik ezta azalpenik egin izana deitoratu zuen ere. Akusazio horiei erantzuteko Abotsanitzek oharra plazaratu du.
Lehenik eta behin, Abotsanitzi parte hartze prozesuak beren egia “inposatzeko” erabiltzea leporatu zieten jeltzaleek. Abotsanitzek iritzi guztiak kontuan izateko egiten dituztela erantzun die, eta ez beren egia inposatzeko. Kasu honetan, terrazen inguruko ordanantza idazteko eragile, ostalaritzako sektore edota bizilagunekin bildu direla azaldu dute eta guztien iradokizun, kexa eta ekarpenak jaso dituztela.
Bigarrenik, ordenantzari buruzko dokumentazioa 45 ordu lehenago helarazi izana gezurtatu nahi izan du Abotsanitzek.
EAJk “ahanzturan nahita utzitako” gaiari heldu eta ordenantza berria lantzeko hainbat batzorde egin zituztela ziurtatu dute; 2024ko urriaren 17ko eta 2025eko otsailaren 20ko Hiri eta Lurralde antolamenduko batzordeak zehazki. 2025eko urtarrilaren 15ean, gainera, ordenantza idazteko aurretiazko kontsulta publikoa egin zela gogoratu dute, eta otsailaren 20an egindako batzordean ordenantzaren dokumentu zirriborroa publiko egin zitzaiela. Aldi berean, ordenantza laburtzen zuen dokumentua herritarren esku jarri zutela nabarmendu dute.
Hori dela eta, udal gobernuak prozesuan zehar “bilerarik ez eta azalpenik eman ez” zituztela esan izanak “zur eta lur” utzi ditu herri plataformako kideak, ordenantza baten “izapidetze arruntak eskatzen duena baino parte hartze zabalagoa” egin dutelako, kasu honetan.
“Ostalariekin, ezgaitasun egoeran dauden pertsonekin, bizilagunekin eta udaleko teknikariekin aritu da udala lanean, eta horietako bakoitzarekin Jostaldi pilotalekuan entzute saioak burutu genituen. Ondoren, 2025eko martxoaren 26an kolektibo horiekin lehen zirriborroaren aurkezpena egin genuen. Bi saio hauetatik gatazkatsuenak ziren arloak
identifikatu eta hirugarren topaketa bat burutu zen hauek lantzeko. Azken honetan, kolektibo guztiak elkarrekin aritu ziren lanean, eta oso aberasgarria izan zen” azaldu dute.
Saio horietan guztietan jasotakoarekin gobernukideek zirriborroan zenbait aldaketa egin zituztela zehaztu dute, eta hori da, hain zuzen gaur arratsaldean hasierako onespenera eramango duten dokumentua. Gainera, bilera horietan guztietan EAJko kideak bertan izan zirela nabarmendu dute, lan bilera edota azalpenik egon ez dela esatea “gezur hutsa” dela egitaztatuz.
Hausnarketa
Azkenik, Abotsanitzeko kideek hausnarketa bat plazaratu nahi izan dute. Izan ere, beren ustez EAJren ostalaritzako terrazen kudeaketa ezaren ondorioz, Hondarribia, “inoiz iritsi behar ez zen puntura iritsita zegoen, eta horrek kolektibo ezberdinen arteko distantzia ia salbaezina egiten zuen”.
“Ahoz emandako baimenek eta banaka itxitako negoziazioak sektorearen baitan ezinegona sortzen zituen; kale okupazioagatik egiten zen kobrantza oso modu arbitrarioan egiten zen eta sektorearen baitan haserreak (handiak) sortu. Bizilagun askoren atsedena oztopatu eta bizi kalitatean eragin ezkorrak sortzen zituen… Udal gobernuak ausardiaz jokatu du, prozesu konplexua izango zela jakinda ere prozesuan aurrera eginez, sektorearen eta auzotarren bizitzaren arteko oreka bilatuz”.
“Eskandalo eta gezur sorta honekin” EAJk terrazen ordenantzaren dokumentuaren kontrako bozka “zuritzeko” egin dutela argi du Abotsanitzek. Eta haren alde ez badaude, oraindik alegazioak egiteko epea dutela gogorarazi diete. “Duda sartzen zaigu, ea oraindik ere, EAJ-PNVkoek prozedura ikasi ez duten” esan dute ironiaz.
EAJk erabilitako “inposaketa” hitzari dagokionez, datozen hilabeteetan asko entzungo den hitza dela uste dute eta Abotsanitzek eta EH Bilduk osatzen duten gobernua “deslegitimatzeko” erabiltzen ari direlako. Horren aurrean, herritarrei egiten ari direnarekin “lasai” daudela helarazi nahi izan diete: “EAJ urduri dago ikusten ari direlako haiek gai izan ez diren afera asko aurrera eramaten ari garela: terrazen ordenantza, Santiago edota Arrantzale auzoko berhiritartzea, Etxebizitza politikan aurrera pausoak…”.