Energia elektriko berriztagarria ekoizten duen zuhaitza
Bidasoa LHIIk beste bi ikastetxerekin batera energia eolikoa eta energia fotovoltaikoa energia elektrikoan bilakatzen duen zuhaitza sortzeko proiektua abiatu du. Bukatzerakoan, Talaia ikastetxeari emango diote.

Bidasoa Lanbide Heziketa ikastetxeak bisita jaso du aste honetan, Torre-Pachecoko (Espainia) Gerardo Molina eta Navalcarneroko (Espainia) Carmen Martin Gaite ikastetxeetatik, hain justu. Izan ere, energia berriztagarrietatik energia elektrikoa lortuko duen zuhaitzak eraikitzeko proiektu partekatua dute hiru ikastetxeek.
FPEmpresak (Espainiako Lanbide Heziketa ikastetxe publiko zein pribatuen elkartea) 2023an proiekturako deialdia zabaldu, eta Bidasoa ikastetxeak aurkeztu egin zuen. Horren ostean batu zitzaizkion Torre-Pachecoko eta Navalcarneroko ikastetxeak. Proiektua Bidasoa ikastetxeak aurkeztu arren, jatorriz Talaia ikastetxeak Bidasoari egindako eskakizuna da, eta Talaiara eramango dute eraikuntza lana bukatzerakoan. Talaiako ikasleentzako karga sistema bat izateaz gain, energia berriztagarrien sistema batek nola funtzionatzen duen ikasteko aukera ematen du.
Eskolako diziplina guztietako ikasleek zuhaitzaren proiektuan parte hartu dutela edo hartuko dutela azpimarratu du Sergio Iparragirre Bidasoako Berrikuntza zuzendariak: elektrizitate, mekanika, mantentze lan elektromekaniko, elektronika, telekomunikazio eta zurgintzakoek, hain zuzen ere. Diziplina bakoitzak zuhaitzaren zati bat egin du, baina, bakoitzari zegokion lanaz gain, zuhaitzeko zati ezberdinak nola egiten diren ikusi ahal izan dute. Gainera, ikasleen arteko harremana sustatzeko ere baliagarria izan da, ziklo bakoitzekoak haien artean soilik elkartu ohi baitira, baina, ziklo arteko proiektu honi esker elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko aukera izan dute.
Zuhaitzak sortzen duen energia guztia monitorizatuko dute: alde eolikoak sortzen duen energia, alde fotovoltaikoak sortzen duena eta zuhaitza kontsumitzen ari dena. Telekomunikazioko ikasleek modu praktikoan ikasteko balioko du jasotako informazioak.