Bartzelona, hiri barruti berritzailerako eredu
Irungo ordezkaritza bat Bartzelonara joan da bertako lurralde eta enpresa garapenerako proiektuak ezagutzera. Vía Irun hiri barruti berritzailea eraikitzeko baliatuko dute ikasitakoa.

Vía Irun proiektuko hiri barruti berritzailearen bihotza aduana zenan finkatzeko asmoa dute. Inguru guztia birmoldatuko dute, jarduera ekonomikorako 34.850 metro koadro, etxebizitza libre eta sozialetarako 25.400 metro koadro, eta parkeetarako 25.000 metro koadrorekin.
Proiektua garatzeko inspirazio bila, Bartzelonara (Herrialde Katalanak) bisita egin du ordezkaritza batek, bertako lurralde eta enpresa garapeneko “erreferentea” baita. Cristina Laborda alkatea, Sergio Javier Hirigintzako ordezkaria, Eva Fernandez Bidasoa Bizirikeko zuzendaria eta Ane Unanuerekin batera udal talde guztietako bozeramaileak joan dira: Nuria Alzaga (PSE-EE), Gorka Alvarez (EAJ-PNV), Oihana Briones (EH Bildu), David Nuño (Elkarrekin Podemos) eta Iñigo Manrique (PP).
Calboni alkateak egin die harrera, irundarrei “enpresa eta elkarte sarearekin sortu beharreko hitzarmen anitzen” aukera erakutsiz. Bartzelonaren kasuan, esku hartze publikoa egin zuten apirilean 50 eragileren parte hartzearekin. Nabarmentzekoa da 22@ barrutia, “ezagutzan eta teknologian oinarritutako ekosistema sortzera bideratutako eraldatze eredu giltzarria baita”.
Aduana eraikin zaharra birgaitzeko lanak
Eraikina horrenbeste urteetan erabili gabe egon denez, presazko birgaitze lanak behar zituen. Hala, iaz hondakinak kentzeko lanak egin zituen. Aste honetako Udal Gobernuko batzarrean, ordea, goiburuko eraikinaren berreskuratze eta mantentze lanak hasteko lizitazioa onartu dute, “frantses estiloko eraikina” finkatu eta zaharberritzeko. 2.000.000 euroko lizitazioa onartu dute, eta gutxi gorabehera urtebeteko epea izango dute lanak exekutatzeko.
Hala ere, Via Irun proiektuarentzat, eraikinaren kanpoaldea baino, barnealdea izango dela garrantzitsua. Edukiz betetako gunea izango dela azaldu du Labordak, “hiriko enpresa sare osoa lerrokatzeko”: “unibertsitatea, lanbide heziketa, ekintzailetza, enpresa inkubagailua, Bidasoa Bizirik…”, denetariko berrikuntza proiektuak sustatzeko eremua izango da.