'Bi arnas' emitituko du gaur ETBk, bi urteren ondoren
Duela bi urte hartu zuen euskal telebista publikoak dokumentala proiektatzeko konpromisoa eta bi urtera beteko du hitza. Sorzabal preso irundarrak bizitako torturak ardatz dituen lana da.

Bi arnas dokumentala 2022an estreinatu zen eta Iratxe Sorzabal preso politiko irundarrak 2001eko atxiloaldian salatutako torturak ditu ardatz. Hurrengo urtean, 2023an, ETBk dokumentala erosi zuen eta emititzeko konpromisoa hartu baina dokumentalaren ekoizle Imanol Kima Arzuagak salatu zuen “tiraderan gordeta” zutela. Gaur, baina, bi urteren ondoren, dokumentala proiektatzea erabaki du ETBk eta lehenbiziko kanalean eskainiko dute iluntzeko 23:40ean. Ordu txikitan ikusi ezin duenak, Primeran plataforman topa dezake.
Arzuagak ere mahai gainean jarri zuen 2023an Kataluniako TV3 telebista publikoak bai emititu zuela, hau da, Euskal Herriko telebista publikoak baino lehenago. Ekoizleak ondorioztatu zuen torturaren gaia “tabua” dela ETBrentzat, eta haientzat ez ezik, euskal gizartea torturaz hitz egiteko “politikoki prest” ez dagoenaren ustea adierazi zuen. Laster Hamaika telebistak erosiko du dokumentala bere kanalean emititu ahal izateko.
Gaurko emisioaren aurretik 11 Entzuteko programan Sorzabalen kasuari buruz arituko dira solasean hainbat gonbidatu. Programaren eskaletari begiratuta, saioaren lehen zatian izango da mahai inguru hau eta Klaudio Landak gidatuko du.