Adinekoen bizi kalitatea hobetzeko, 'Bizi Gogoz' programa
'Bizi Gogoz' programak iaz izan zuen lehen edizioa, eta aurten ere zenbait tailer emango ditu ekainetik aurrera. Hiru gairen inguruko tailerrak antolatu dituzte: musika, idazketa, eta sexualitateari buruzkoak.

Jendartearen adinak gora egin ahala beharrak ere aldatzen dira. Horretaz oharturik, Irungo Udalak adinekoen “behar” eta “ikuspegia” aintzat hartzeko lan egiten du, are gehiago “etorkizun edo epe motzean adinekoen kolektiboa asko handituko” dela jakinik. Bide publikoetako lanak egiterakoan adinekoak kontuan hartzen diren modu berean, gizarte eta ongizatearen arloan ere neurriak hartu behar dira, eta horregatik jarri du martxan Udalak aurten ere Bizi Gogoz programa.
Irungo Gizarte Ongizate arloak adineko pertsonek “kalitatezko bizi aktiboa” izatea nahi du, honek dakartzan onura guztiengatik: “zahartzaroa atzeratzen du, bai fisikoa, bai kognitiboa”. Jarduera fisikoa ezinbestekoa da adineko pertsonentzat, baina harago joan nahi izan dute, jarduera fisikoaz gain “jarduera kognitiboa areagotzeko” tailerrak proposatuz. Adineko pertsonek ere Gizarte eta Ongizate arloaren helburuekin bat egin dutela adierazi izan diote Josu Iguiñiz arloko ordezkariari, “zahartzaroan ere bizi kalitatea hobetzen eta mantentzen duten programak bultzatu behar baitira”.
Horrelako tailerrak sustatzeak duen garrantzia azpimarratu du Natalia Perezek, arloko adineko pertsonen eremuko teknikariak. Izan ere, gizarte egoitza ugari ditu Irunek hiri osoan zehar, baina jakitun dira “pertsona askok ez dutela beren burua horrelako espazioetan ikusten”, espazio sortzaileago eta biziago batean baizik.
“Arrakastatsua” izan zen iazko edizioa, gai ugari jorratu zituzten parte hartzaileek, eta beste asko itxaron zerrendan gelditu ziren. Horregatik, aurten berriro programa abiatzeko erabakia hartu dute, bi fasetan: lehena ekainean hasiko da, eta bigarrena, abuztuko geldialdiaren ostean, irailetik aurrera abiatuko da, hurrengo urteko martxora arte. Narriadura kognitiboari aurrea hartu eta bizitza osoko ikaskuntza bultzatzeko asmoarekin, hiru gairi buruzko tailerrak antolatu dituzte.
Musika, idazketa eta sexologia, buruko gaitzak atzeratzeko ariketak
Do, Re, Ni musika tailerra emango du Xabier Lizaso musikari profesionalak. Haur eta adinekoentzat musika emanaldi asko egin izan ditu, eta bertan ohartu zen musikak zuen indarraz. Izan ere, eskola batean kontzertua ematen ari zela, mututasun selektiboa zuen haur bat 100 pertsonaren aurren hitz egiten hasi zen, ordura arte etxean bakarrik hitz egiten baldin bazuen ere. Antzeko gertakariak behin eta berriz gertatu ondoren, ikerketa munduan sakontzeko erabakia hartu zuen. Horrela ikasi zuen garunak noiz egiten duen lan gehien: “lo egitean, esna egonda, baina begiak ixterakoan, eta azkenik, musika egiterakoan”, hortaz, musika ezinbestekoa da buruko gaitzak atzeratzeko edo saihesteko. Badago jendea “alzheimerrak garuna guztiz hartuta egon” arren, musika edo beste “ekintza mental aktibo bat mantendu duena egunero, egunero, egunero, azken egunera arte, eta nahiz eta guztiz gaixo egon sintomarik gabe bizi izan dira eta bizitza normal bat eraman dute”.
Musika, dantza eta antzerkia jasoko ditu tailerrak, “estimulazio kognitiborako tresna gisa”. Aurten, berrikuntza gisa, parte hartzaile bakoitzari testa egingo zaio saio hasieran bakoitzak zein hutsune duen ikusteko, eta horren arabera egokituko ditu Lizasok tailerrak. Tailer bukaeretan ere testa egingo zaie, nolako eragin kognitiboa izan duen aztertzeko. Euskara eta gaztelerazko saioak izan arren, beste hizkuntza batzuk ere landu beharko dituzte parte hartzaileek, “ulertzeko eta ahoskatzeko garunaren esfortzua behar baita”. Ekainaren 2an izango da lehen saioa, eta ekainean astelehenero egingo dute, 16:30etik 18:00etara, Leka-Eneko Apartamentuetako espazio sozialean. Gaur ireki da izena emateko epea.
Bizi Gogoz programak landuko duen bigarren gaia sexologia izango da, Raquel Calvok emango dituen Plazera eta bizi tximeletak izeneko saioen bidez. Calvok adineko pertsonekin sexualitateari buruz hitz egitea ezinbestekoa dela azaldu du, “osasun sexuala lantzeaz gain, garapen pertsonala ere lantzen baita”. Besteak beste, plazera, desira, harreman sexualak, masturbazioa eta orgasmoa izango dituzte hizpide tailerrean, adinekoen heziketa sexuala garatze aldera. Izan ere, heziketa sexuala sexuaz harago doala azpimarratu du Calvok, eta autoestimua, norberaren ezagutza eta norberaren garapenerako tresna ere badela azaldu du. “Pozik” atera izan dira parte hartzaileak saio hauetatik, “autoestimu gehiagorekin”, eta gizarte egoitzetara hurbiltzeko gogo gehiagorekin. Ekainaren 6tik aurrera ostiralero egingo da tailerra, 17:00etatik 19:00etara, Palmera Monteron.
Programak landuko duen azken gaia idazketa izango da. Itziar Sistiaga idazleak Idazketa emozionaleko kapsulak tailerra emango du ekainetik aurrera. “Pozez zoratzen” dago beste behin adineko jendearekin lan egiteagatik, berak adinekoek baino gehiago ikasten duela iruditzen baitzaio, “partekatzeko duten ondare guztiagatik”. Iazko tailerrarekin ohartu zen jende askok duela “idazteko gogoa, baina, ez zekitela nola, eta ez zekitela nola ordenatu”. Idazteak emozio asko sortu zizkien iazko parte hartzaileei, hortaz, hiru emoziori buruzko blokeetan banatuko dira aurtengo saioak: “bizipoza, maitasun propioa, eta bakardadea”. Ekainaren 12an izango da lehen saioa, 17:00etan, Palmera Monteron.
Tailerretatik kanpo ere elkar babestuz
Bizi Gogoz programan egindako harremanek jarraipena izan dute tailerretatik at. Zenbait lagunek tailerren ostean musika egien jarraitu dute, haien gaitasun kognitiboak lantzen jarraituz. Badaude narriadura kognitibotik oso gertu zeuden pertsona batzuk ere, eta senideren batekin joan izan dira tailerretara gero etxean errepikatu ahal izateko.
Gainera, iazko idazketa tailerretan bakardadearen gaia aipatu ondotik, parte hartzaile batzuen arteko babes sarea sortu zuten eta astero elkartzen dira “kafea hartzeko eta elkar babesteko”.