'AbenturaERO' udalekuetan izena emateko epea bihartik aurrera zabalik
2014 eta 2017 urteen artean jaiotako haurrei zuzentzen zaie udalekua. Familiaren ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa aplikatuko dute aurten.

Aurtengo AbenturaERO udalekuak aurkeztu ditu gaur, hilaren 20an, Sandra Caballero Irungo Gazteria arloko ordezkariak. Berrikuntza moduan, aurten 20 haur jasoko dituen txanda bat gehituko diotela jakinarazi du.
“Haurrek sozializatzeko, haien autonomia garatzeko, eta batez ere kirol mota ezberdinekin gozatzeko” aukera da AbenturaERO. Jarduera ugari egiteko aukera izango dute haurrek: surfa, piraguismoa edota abentura parkera bidaia. Bi udaleku ereduak nahastuko ditu: eguneko udaleku irekiak eta gauekoak. Izan ere, astelehenetik ostegunera 09:00etatik 14:00etara irekiko dira egunero; ostiralean, ordea, 09:00etan hasi eta larunbateko 14:00ak arte iraungo du, gaua ere igaroko baitute. Horrela, etxetik kanpo sei egun pasatzea gehiegizkoa zaien haurrek ere udaz eta jarduerez gozatu ahal izango dute.
Bihar, hilaren 21ean, irekiko dute izen emateko epea, hilaren 30era arte. Ekainaren 4 eta 5ean zozketarako onartu eta baztertutakoen behin behineko zerrendak aurkeztuko dituzte, eta ekainaren 11n egingo dute tokien zozketa publikoa. Azkenik, ekainaren 16tik 25era egin beharko da behin betiko izen ematea.
Ahalmen ekonomikoaren araberako ordainketa egingo da aurten. 2023ko errentan oinarritzen da sistema, eta familiak txosten bat osatu beharko du horretarako, beste kasuren baterako dagoeneko osatua dutenen kasuan izan ezik (haur eskola, musika eskola…). 15.120 eurotik beherako errenta dutenek %5a soilik ordaindu beharko dute, 23.188 eurotik beherakoek %35a, 29.096 eurotik beherakoek %75a, eta azkenik, 29.096 eurotik gorako errenta dutenek %100a ordaindu beharko dute.
AbenturaERO udalekuen txandak
1.txanda: uztailaren 7tik 12ra.
2.txanda: uztailaren 14tik 19ra.
3.txanda: uztailaren 21etik 26ra.
4.txanda: uztailaren 28tik abuztuaren 2ra.