Plazak bete dira Euskaraldiaren lehen egunean
Atzoko irekiera ekitaldian herritar ugari gerturatu ziren Zabaltza plazara eta atzera kontaketaren ondoren, 'ahobizi' eta 'belarriprest' txapak jantzi zituzten.

Euskal Herri osoan bezala, Irunen ere atzo hasi zen Euskaraldia eta irundarrak kalera irten ziren ekimenari babesa adieraztera. Hasteko, dantza zaleek girotu zuten erdigunea mutxikoak dantzatuz eta Erdiguneko auzo elkartearen plazatxoan jira eta bira aritu ziren.
Bertatik, Zabaltza plazara joan ziren denak eta bertan ahobizi eta belarriprest txapak jasotzeko azken aukera eskaintzeaz gain, hasiera ekitaldia egin zen. Euria ari zuen arren, jendeak bertan egoteko hautua egin zuen, euskararen erabilerari astindua emateko konpromisoaren seinale.
Atzera kontaketa egin zen eta 19:00ak puntu-puntuan Pauso-K dantza eskolako gazteek Gure Bihotzaren Taupadak, Euskaraldiko abestia oinarri dantzatu zuten. Jendea dantzan jarri zuten haien indarrarekin eta txalo zaparrada handia jaso zuten dantzariek.
Ondoren, Euskaraldiaren 11koa aurkeztu zuten, hizkiz-hizki. Jarraian, Anjel Peñagarikano, Amaia Agirre eta Millan Telleria bertsolariek hartu zuten oholtza. Ekitaldiaren itxiera Auntxa trikiti eskolako kideen ardura izan zen.
Egun hauetako egitaraua osorik irakurtzeko, joan lotura honetara.