Mercadonak kaleratutako langile bat berriz kontratatu beharko du ELA sindikatuaren helegitez
Iaz kaleratu zuen enpresak langilea eta bajan zegoen. ELA sindikatuak helegitea aurkeztu eta Donostiako epaitegiak baliogabetu egin du kaleratzearen ebazpena.

ELA sindikatuak salatu duenez, iazko maiatzean bajan zegoen langile bat kaleratu zuen Mercadona enpresak eta bi arrazoi baliatu zituen horretarako: baja hartzeko arrazoiak zalantzan jartzea eta diziplina arazoak sortzen zituela. Horrez gain, Mercadonak dirua eskaini ziola enpresa uzteagatik kaleratua izan zen langileari ere salatu dute.
Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio sindikatuari eta Irungo Mercadona behartu egin du bajan zegoen bitartean kaleratu zuten langilea berriro kontratatzera. Izan ere, ebazpena langilearen kontrakoa zen eta sindikatuak azaldu du kaleratutako langilearen lankideek presiopean eman zutela lekukotza. Gainera, Mercadonak “ustezko frogak” erabili zituen kaleratutako langilearen kontra eta froga horiek detektibe pribatu bat kontratatuz lortu zituzten.
Ebazpena hala, sindikatuak helegitea aurkeztu zuen eta baliogabetzat jo du kaleratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak.
Mercadonak askatasun sindikalerako eskubidea urratu duela adierazi du ere ELA sindikatuak “jarduera sindikala eragotziz eta lan hobekuntzak lortzeko antolatzen diren pertsonen aurka eginez”, zehaztu dute. Sindikatuak Mercadonan lan baldintza duinak lortu arte lanean jarraitzeko asmoa adierazi du. Halaber, lanean jarrituko du ELAk bertako langileek haien eskubideen alde borrokatu ahal izan dezaten “inolako errepresaliarik” jaso gabe.