«Kondena duen kasuan ez du eraginik absoluzioak»
Sorzabal absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak azken bi epaiketen sententzietan. Dena den, 24 urteko kondena betetzen ari da, eta haren egungo egoera judizialaz aritu da bere abokatua.

Aurten bitan epaitu dute Iratxe Sorzabal Diez irundarra, eta bi epaien sententzia absoluzioa izan da «tratu bidegabea» oinarri hartuta. 24 urteren ondoren aitortu dizkiote irundarrari 2001ean bizitako torturak.
Pasa den astean iragarri zuten «tratu bidegabea» jasan zuela Iratxe Sorzabalek autoinkulpazioak egiterakoan. Ebazpen horrek zein ondorio ekarriko dizkio?
Absoluzioa lortu dugu. Absoluzio bakar bat, baina kontua da Iratxek beste hiru prozedura dituela irekita Espainiako Estatuan, eta beste bat bidean dagoela. Gainera, beste hainbat izan ditzake. Espainian dauzkan hiru prozeduretatik batean kondenatuta izan zen, eta ondorengo bi epaiketak, aurten egin direnak, absoluzioak izan dira. Absoluzio horien artean, azken sententzian tribunalak oso argi hitz egin du torturari buruz. Horrek suposatzen du bi absoluzio lortu dituela, eta bi kasu horietan ez dagoela zigorrik. Baina lehenengo izan zuen sententziagatik 24 urteko zigorra betetzen ari da.
24 urteko zigor honi helegitea aurkeztu genion Espainiako Auzitegi Gorenean, eta atzera bota ziguten. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ere helegitea aurkeztu genuen, eta hori ere atzera bota ziguten. Absoluzioa ematen dioten sententzia hauek jaso baino lehen, gure asmoa Estrasburgoko epaitegietara joatea zen. Dena den, lehenengo sententzia Estrasburgora eramango dugu, eta mahai gaineratuko dugun argudioetako bat izango da torturapean egindako frogetan oinarrituta dagoela sententzia hori. Helegite horri bi absoluzio horiek lagundu egingo diote, guk nahi dugun terminoetan adieraz dadin, baina hori ez dago jakiterik inoiz. Beti konfiantza itsuegia jartzen dugula uste dut Estrasburgoko Giza Eskubideen tribunalean, kontrako erabaki txarrak ere jaso ditugulako.
Bestalde, Espainiak baimena eskatu dio Frantziari euroagindu baten bitartez laugarren kasu batengatik epaitzeko. Printzipioz euroagindua ez dute automatikoki onartu, eta informazio gehigarria eskatu diote Espainiako Auzitegi Nazionalari, zehazkiago, inkomunikazio aldian gertatutakoari buruzkoa. Pentsatzen dugu pasa den asteko sententzia horrek ere lagunduko duela epaiketa horretan. Ez dakigu ziur eragin ona edo txarra, baina eragina izango duela seguru, kondenatuta dagoen kausan ez duelako eraginik absoluzio honek.
Torturak ez aitortzeko helegiteak atzera bota izan dituzte. Zein da emandako arrazoia?
Epaiketa bakoitza mundu bat da, eta epaiketa bakoitzean magistratu ezberdinak daude. Orain arte edukitako hiru epaiketetan bederatzi magistratu egon dira, eta horietatik seik kontsideratzen dute ez dagoela torturarik, eta hiruk kontsideratu dute baietz. Auzitegi Gorenean bost magistratuk kontsideratu zuten ez zegoela torturarik aho batez, eta Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri genuenean plenoa deitu, eta bertako epaile guztien artean bakar batek zalantzan jarri zuen torturarik ez egon izana. Hau da dugun panorama juridiko eta judiziala.
Absoluzio hau historikoa da.
Bai, lehen aldia da Espainiako Auzitegi Nazionalak onartzen duela poliziak torturatzen duela. Historikoa da termino horietan espresatu delako. Ni ez naiz ausartzen esatera historikoa denik hemendik aurrera gauzak aldatuko direlako. Ez naiz ausartzen. Ez dut uste Auzitegi Nazionaleko epaileek horrelako epai gehiago emango dituztenik, ezta oraingo epaileek ere. Egia da Iratxe Sorzabalen kasua oso kasu berezia dela, eta oso froga sendoak daudela, baina ez dut uste inflexio punturik izango denik. Hala izatekotan, zorionak eta eskerrak, baina nik zalantzak dauzkat.
Torturatzeko inkomunikazioa sistematikoa dela ere frogatu izana adierazi duzue Egiari Zor eta GEBehatokiak.
Hau bai uste dut dela historikoa, historikoki beti planteatu delako inkomunikazioa egon den bitartean torturak izateko arriskua egon dela. Horrela izan da. Inkomunikatzeari utzi ziotenetik ez da tortura kasu bat bera ere egon, behintzat preso politikoen, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren testuinguruan. Inkomunikazioaren kontrako adierazpenak gehiago entzuten dira, argiagoak dira, kasu gehiago egon dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko beste epai batzuetan, esate baterako, Egunkaria-ren kasuan. Oraingoan, baina, lehen aldiz inkomunikazio aldian tortura erabili dela onartu eta torturen metodoa deskribatu egin da.
Iratxerekin hitz egin ahal izan duzu?
Oso eskertuta dago Iratxe Sorzabal herriak torturaren gaia jorratzeko izan duen moduagatik. Guk ez dugu kokatzen sententzia hau justu epaiketa honetan gertatu denagatik, eta uste dugu urteetan egindako zerbaiten emaitza dela. Erein den horretan parte handia dauka torturaren aurka egiten den edozein mobilizaziok. Iratxek eskerrak eman nahi ditu.