Taldekako Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketan, Marlaxka garaile
Gorka Tafallek, Jon Diazek, Oier Etxaidek, Beñat Sagarzazuk eta Kimetz Lekuonak osatu zuten Marlaxka Xake Klubeko taldea Gipuzkoako txapelketan. Bost lehiatik lau irabazi zituzten.

Asteburu honetan jokatu da Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketa, banaka zein taldeka. Banakako lehiari dagokionez, haur mailan Marlaxka Xake Klubeko Jon Diazek eta Oier Etxaidek parte hartu zuten eta alebinetan Marene Varak eta Kai Mendiburuk. Gorka Tafall ere sailkatuta zegoen, baina saskibaloiko finala izanagatik ezin izan zuen parte hartu.
Etxaidek laugarren postuan bukatu zuen lehia, eta Diazek bosgarren. Varak, berriz, 20. egin zuen, eta Mendiburuk 37. Aldi berean, klubetik Patxi Diazen lana eskertu nahi izan dute. Gazteekin batera ibili baitzen txapelketan, “botilero” lanetan.
Taldekako emaitzei dagokienez, talde bakarrak ordezkatu zuen Marlaxka Xake Kluba. Taldea Gorka Tafallek, Jon Diazek, Oier Etxaidek, Beñat Sagarzazuk eta Kimetz Lekuonak osatu zuten. Unax Bengoetxeak ere parte hartu behar zuela azaldu du klubak, baina ikastaro batera joan behar izanagatik ezin izan zuela bertaratu.
Asteburua borobiltzeko modua izan zen taldekako lehia. Marlaxkako partaideek lehia guztiak irabazi zituzten, bat izan ezik, eta beraz Gipuzkoako Eskolarteko txapeldun izendatu zituzten.