PSE-EE: "Basako eremua lurzoru urbanizaezin bihurtzea aurrerapauso handia da"
Eremuaren izaera mantentzeko alegazioak aurkeztu zizkion Hondarribiko PSE-EEk HAPOri. Horiek onartu direla ikusita pozik agertu diren arren, konpromisoak bete daitezen "adi" jarraituko dutela adierazi dute.

Hondarribiko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) osatzen ari den honetan, Basako eremua lurzoru gisa desklasifikatzea eskatu zuen Hondarribiko PSE-EEk alegazio bidez. Aurkeztutako txostena onartu dela ikusterakoan “pozik” agertu dira sozialistak. Izan ere, haien ustez, Basako eremua lurzoru urbanizaezin bihurtzea Hondarribiko paisaia eta kostaldea babesteko “aurrerapauso handia” da.
“Basako interes orokorretik urrun zegoen politika baten adibide zen”, adierazi dute sozialistek, eta azaldu dute urteetan ohartarazi dutela eremu hori urbanizatzeak “erabateko aldaketa” ekarriko lukeela herrian, udalerriaren irudia “erabat” aldatuz.
Dena den, Basako eremuaren izaerari eustea “positibotzat” jo arren, sozialistek “adi” jarraituko dutela jakinarazi dute, desklasifikazio konpromisoak betetzen diren bermatzeko.