Gaur zabaldu dute 'Udagiro' programan izena emateko epea
Beste herrialde edo erkidego batzuetatik etorritako haur eta gazteei euskara irakastea da helburua. Hilaren 23ra arte eman daiteke izena.

Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuak Udagiro egitasmoa jarri du martxan aurten ere. Beste herrialde edota erkidego batzuetatik etorri berri diren eta euskararekin zailtasunak dituzten haur eta gazteei euskara eskola ludikoen bitartez udan laguntza eskaintzea da asmoa, baina xehetasunak Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak eta Gema Urtizberea Irungo Herri Jakintza Euskaltegiko zuzendariak eman dituzte.
Iguiñizen ustez, garrantzitsua da ikasturtetik kanpo euskara ikasten jarraitu nahi duten gazteei ere laguntzea. “Udagiro’-ren bidez, Irunera beren sustraiak urrun utzita etorri behar izan zutenei laguntzen diegu, eta baloratzekoa da bilatzen duten integrazio hori, gure kulturaren eta hizkuntzaren jakingarriak izanik. Euskara Zerbitzua gure hirian euskarazko urratsak ematen jarraitu nahi dutenen ondoan egongo da”.
Honakoak dira programan parte hartzeko baldintzak:
- Irunera etorri izana 2024/25 edota 2023/24 ikasturteetan eta bertako ikastetxe zein institutu batean eskolatuta egotea.
- Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako edo DBHko ikaslea izatea.
Udako hilabeteetan bi txanda egongo dira, eta sei talde osatuko dituzte orotara; hala ere, eskaeraren arabera alda daitezke horiek. Lehen txanda uztailaren 4tik 24ra izango da, eta bigarrena, berriz, abuztuaren 5etik 26ra. Taldeek, era berean, bi ordutegi izango dituzte: 9:30-11:30 eta 11:30-13:30.
Txanda bakar batean eman daiteke izena, gaurtik hilaren 23ra.
Aurten etorritako ikasleek izango dute lehentasuna programa honetan, eta, eskaria handia bada, zozketa egingo litzateke hilaren 30ean.