Neguko loreak hurrengo astelehenean banatuko dituzte
Luis Marianoko lorategietan izango da banaketa. Horrez gain, udalak jakinarazi du lora zaintza lanei lotutako kontratu berria esleitu diola Gureak enpresari.

Aste honetan kendu dituzte neguko loreak eta udaberrikoak landatu. Gorka Alvarez Mantentze Laneko ordezkaria bertan izan zen eta kanpaina berriaren hasiera iragarri zuen. Kanpainaren aurkezpenean, gainera, aurreratu du neguko loreak herritarren artean banatuko dituztela hurrengo astelehenean (hilak 19) 10:00etan Luis Marianon. Gutxi gorabehera 600 San Jose lore, 600 oroilore, 600 enamona, 600 mitxoleta, 600 bioleta, 1.000 krabelin eta 2.900 tulipa banatuko dituzte.
Guztira 29.689 landare landatuko dituzte eta horiek lorezainek beraiek hazi dituzte Meakako udal mintegian. Soilik San Juan plazaren inguruan 1.700 landare inguru aldatuko dituzte eta nagusiki begonia eta baltsamina gorriak dira landatuko dituztenak. Aldiz, Luis Marianon lore mazizoak eta 4.500 salbia gorri landatuko dituzte. Hiriko beste leku batzuetan ere aldatuko dituzte landareak hala nola: Olibondoen biribilgunean, Juan Perez de Azkue plazan, Letxunborro hiribidean, Dunboan, Puianan, Gal inguruan, Arbesen, Belaskoenean eta Katean.
Milioi bat metro karratu baino gehiagoko azaleran egingo dute lan eta horien gaineko xehetasunak eman dituzte:
- Mantentze intentsiboa. Erdialdean eta hirira sartzeko biribilguneetan egiten dira mantentze lan intentsiboak, 29.208.92 metro karratutan guztira.
- Mantentze handia. Auzoetan-eta egiten dira mantentze lan handiak, 410.113,17 metro karratutan guztira.
- Mantentze arina. Auzoetako ezpondetan eta bestetan egiten dira mantentze lan arinak, 140.119.45 metro karratutan guztira.
- Noizbehinkako mantentzea. Noizbehinkako mantentze lanak 214.926,88 metro karratutan egiten dira guztira.
- Q kategoriako mantentzea. Basoetan eta naturaguneetan egiten dira Q kategoriako mantentze lanak, 132.392,45 metro karratutan guztira.
Halaber, aldian-aldian mantentzen ez diren eremuak eta belardiak, zuhaixkak, jardinerak eta lore mazizoak ere mantentzen dituzte. Bestalde, mintegiaz eta lorezaintza lanez arduratuko den brigada okupazional bat ere jardunean arituko da eta gehienez zortzi lagunek eta bieratzaile batek osatutakoa eta haiek udal mintegian bertan arituko dira. Bideratzaileak taldea zuzenduko du, mintegiaren eta mantentze lan intentsiboko eremuen arduradunekin batera.
Kontratu berria
Lan hauen arduraduna Gureak enpresa izango da, lore zaintza kontratu berria esleitu baitu udalak. Maiatza hasieran jarri da indarrean Irungo berdegune, parke eta lorategiak mantendu, kontserbatu eta hobetzeko kontratu berria. Gizarteratze enpresekin egin ohi du udalak kontratu hau eta oraingoan Gureak enpresari esleitu diote. Bi urterako kontratua da eta 2.025.930,03 euroko aurrekontua dauka.
Orotara 35 langile finko izendatu dituzte loreekin zuzenean lanean aritzeko. Horrez gain, teknikari bat eta administrari bat ere egongo dira jarduketa hauetan, eta udara iristen denean, beste hamabi langile kontratatuko dituzte. Urtaro hau lan handiena dagoen garaia dela azaldu dute.