'Kirola par(t)ekatuz Igande Sasoi', emakumeen kirola hauspotzeko
Emakumeen kirolari bultzada emateko Igande Sasoi berezia antolatu dute udalak eta Parean elkarteak hilaren 18rako.

Emakumeen kirolari ufada emateko Igande Sasoiren saio berezia izango da Kolon hiribidean igandean (hilaren 18an): Kirola par(t)ekatuz Igande Sasoi. 10:30etik 13:30era, askotariko kirol espezialitateak ezagutzeko aukera izango dute bai ume zein helduek: eskubaloia, atletismoa, gimnasia artistikoa, saskibaloia, arrauna, squasha, boleibola, errugbia, xakea, zaldian ibiltzea… Gaur aurkeztu dute jarduera Parean elkarteko kideek nahiz Borja Olazabal Kirol ordezkariak. Haiekin batera egitasmoan parte hartuko duten hainbat kirol elkarteetako emakumeak izan dira.
Hainbeste kirol jendartera zabaltzeko, ezinbestekoa izan da hiriko kirol kluben partaidetza eta ekarpena. Hala, CD Bidasoa, Ma riño Real Union, Dunboa Eguzki Futbol Taldea, Aia gimnasia artistikoa, Santiagotarrak, Txingudi errugbi taldea, Erroibide, Bidasoa Atletiko Taldea, Mayumi Volley Taldea, Xake Bidasoa, Women Running Club Irun 50/50, Lur Alai squash taldea, Leka Enea mahai tenisa, Jaizubia Hipika eta Miren Gomez dantza estudio da egunari ekarpenak egingo dioten kirol taldeak. Jarduera bakoitza zein ordutan izango den ikusteko joan udalaren webgunera.
Olazabalek nabarmendu du emakumeen kirolari bultzada ematea “funtsezkoa” iruditzen zaiola udalari. Berdintasun termonoetan hitz egiteko aurretik lana badagoela onartu du, “jakitun gara hau luzerako kontua dela, bide luzekoa, baina ziur gaude, halaber, horrelako ekintza edo jardunaldiek harri koskorra eskaintzen dutela”.
Emakumeen presentzia kirol-munduan txikiagoa da gizonena baino, bai kopuru aldetik bai agerikotasun aldetik. Horregatik, egoera iraultzen saiatzeko eta, bide batez, emakumeak kirol-munduan agerrarazteko, Parean Elkarteak gidaliburu egina du, Irungo kirol taldeen emakumeentzako eskaintza biltzen duena.