Inaxio Igosek 'Hondarribiko arrantza barkuak' liburua aurkeztuko du
Hilaren 16an izango da aurkezpena, 20:00etik aurrera, Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrera librea izango da. Aldi berean, liburuan azaltzen diren arrainontzien erakusketa San Pedro kalean ezarri dute.

Hondarribia Itsas Herria, II. Itsas Ondare topaketaren baitan Inaxio Igos Urdangarateren Hondarribiko arrantza barkuak liburuaren aurkezpena antolatu dute. Hilaren 16an izango da, 20:00etik aurrera, Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
30 urte luzez, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte, Hondarribian jardun duten arrantza ontzien informazioa jaso eta horiek liburua batean betikotu ditu Igosek. Penintsulako geografia zeharkatu eta hainbat kapitaintzara jo behar izan du horretarako. Hortaz gain, material grafikoa jasotzeko herritarren laguntza izan du ere.
Ikerketak Hondarribiko Udalaren, San Pedro Itsas Gizonen Kofradiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Sustraia taldearen babesa izan du.
Hondarribiko egungo arrainontziak erakusketa
Liburuaz gain, herritarrek, San Pedro kalean ezarri duten erakusketaz gozatu ahal izango dute. Panelen bidez liburuan azaltzen diren arrainontziak ezagutu eta haiei buruzko informazioa xehatua ezagutuko dute. Itsas Ondare Topaketak garatuko diren egunetan izango dira ikusgai.