Ribera bekaren saridunak iragarri dituzte
Ageda Blasco Egia eta Izaro Ieregi Gonzalezen 'Traves' proiektua, eta Ruben Avila eta Maria Jose Noain Mauraren 'Puente Avenida. Memoria historica sobre el Bidasoa' izan dira hautatuko lanak. Aurrekontua 11.250 eurora igo du udalak.

Bederatzi urte bete dituen Ribera bekaren irabazleak iragarri ditu Irungo Udalak, Nuria Alzaga Kultura ordezkaria ondoan egon delarik. Alzagak oroitu du beka hau “aitzindaria” dela antropologia eta artea diziplinak tandemean lantzeko egiten den planteamenduagatik. “Konbinazio horrek eskualdearentzat benetan aberasgarriak diren lanak bultzatzen ditu”, adierazi du udal ordezkariak. Edizio batzuetan familian barruan gordetzen ziren istorioak ezagutu izan direla ere azaldu du Alzagak eta horregatik beka honek “balio erantsia” duela adierazi du.
Edizio honetan bost proposamen jaso zituzten eta horietatik bi izan dira hautatuak, urtero egin lez. Orain, bederatzi hilabete izango dute hautatutako proiektuetako kideek haien proiektua garatzeko eta hori egikaritzeko 11.250 euroko aurrekontua jasoko dute. Aurten, diru zakua handitu egin dute, beste urteetan proiektu bakoitzerako 9.000 euro ematen baitzituzten.
Proiektuak
Ageda Blasco Egia eta Izaro Ieregi Gonzalezen Traves proiektua izan da saridunetako bat. Blasco, genero harremanetan eta ikasketa feministetan doktorea da. Udalak nabarmendu du ibilbide profesionalaren urte gehienak bere ezagutzak artearen eta hitzaren bidez transmititzeko gaitasuna daukala. Bestetik, Ieregi Arte Ederretan lizentziatuta dago eta, gainera, euskal kulturaren transmisioan espezializatua da. Ieregiren lana erakusketa askotan ikusteko aukera egon da, eta horrez gainera, performance eta proiekzio askotan parte hartu du.
Traves: Bi artistek lan egin nahi dute subjektu baten espresioaren ikerketan, hain zuzen, Bidasoa ibaiarekin duten harremana. Bi gorputz: subjektua eta ibaia eta kontutan hartu nahi dute ere maitasunaren afektu iraultzaileak zeharkatu duen subjektu baten adierazpena esploratzea. Hainbat gorputz-praktikaren bidez, ibaiaz blaitzen joango dira. Beren lanaren premisa da Bidasoa ibaiaren lurraldeen mugak gorputzez eta afektiboki sortzen den banantze bat ere badela. Banantze hori kanpoko bestearekiko nahiz bizi gaituen aniztasunarekiko gertatzen da. Urak, gainera, igarokorraren ezaugarri hori du, eta erraz lurruntzen da. Esperientzia horretan zehar ibili nahi duten eta performance baten bidez ikerketaren emaitza erakutsi nahi duten pertsonen talde ireki batekin egindako lanaren bidez gauzatuko da proposamena.
Ruben Avila eta Maria Jose Noain Mauraren proiektua ere izan da hautatua. Avila Filosofian doktorea da baina bere ibilbide profesionalaren urte gehienak gidoilari lanetan egin ditu eta oraintxe Gachiro Films ekoiztetxean dabil lanean. Ekoiztetxe honetan fikziozko lanak eta dokumentalak lantzen ditu. Berarekin tandema osatu du Noainek, Bidasoan hain ezaguna den historialariak. Ikasketaz arkeologoa eta antropologoa da eta urte gehienak hezkuntzari eta kudeaketa kulturalari begira, museoetan eta komunikazio alorrean pasa ditu.
Puente Avenida. Memoria historica sobre el Bidasoa: Proposatutako emaitza formatu mistoan islatuko da, ikus-entzunezko dokumentu batekin eta idatzizko beste batekin (argitalpena). Kasu horretan, batzordeak bereziki baloratu zuen Irunen izan duen legatu emozionala eta inpaktua, eta baita jende- kopuru handi batengana iritsi ahal izateko duen potentziala ere.