Etxeko Kopan, Torrelavega izango da Bidasoa Irunen lehen kontrarioa
Ekainaren 6tik 8ra jokatuko da gizonen eskubaloiko Espainiako Kopa Artalekun. Bidasoa-Irunen final-laurdenetako kontrarioa, Torrelavega.

Ekainaren 6tik 8ra jokatuko da Irunen Espainiako Kopa. Zortzi taldek parte hartuko dute lehiaketa horren 50. ekitaldian. Gaur egin dute final-laurdenen zozketa Madrilen, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren egoitzan: Bidasoa-Irunen lehen kontrarioa Torrelavega taldea izango da. Finalerdietarako jauzia ez du erraza talde irundarrak, Asobal Ligan 25na egin zutelako bi taldeek martxoaren 22an Artalekun; lehen itzuliko partida bai irabazi zuela Bidasoa Irunek Kantabriako herrian, 30-34 (2024ko urriaren 19an).
Finalerdietara iritsiko balitz, bere koadroko final-laurdenetako beste irabazlearen kontra jokatu beharko lukete irundarrek, alegia, Alcobendas- Ademar Leon kanporaketatik garaile dena gurutzatuko litzateke irundarrekin, esan bezala, bidasoarrek Torrelavega irabaziko balute. Final-laurdenetako koadroko beste aldean Logroño-Huesca eta Atletico Valladolid-Bartzelona neurketak eman ditu gaurko zozketak.
Irundaren ordezkaritza zabala izan da gaurko Madrileko zozketan. Klubaren partetik Julen Aginagalde kirol zuzendaria, Alex Mozas entrenatzailea eta Gorka Nieto jokalaria izan dira. Alde instituzionaletik, Cristina Laborda alkateak ordezkatu du hiria. Hizketarako tartea ere izan du ekitaldian. “Ohore handia da niretzat, Irungo alkate naizen aldetik, aurtengo Eskubaloiko Errege Kopan hartuko zaituzten hiria ordezkatu ahal izatea”, esan du. Irungo zaleen grina eta balioak nabarmendu ditu alkateak, “zaletasunari emana eta errespetuzkoa, kirol hau bizi-bizi bizi duena, baina baita balioekin ere”.
Alkateak, halaber, ekitaldia hiriko kirolaren orainaren eta etorkizunaren erakusleiho gisa garrantzitsua izango dela nabarmendu du, eta bereziki aipatu du IAM pabiloi berria, “azpiegitura modernoa eta nazioartera begira pentsatua, 2029an Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketaren egoitza izango baita. Kopa gure hirian egitea aukera paregabea da, zer garen, zer sentitzen dugun eta zer ordezkatzen dugun herrialde osoarekin partekatzeko”, adierazi du Labordak, eta eskerrak eman dizkie Kirol Kontseilu Gorenari, Espainiako Eskubaloi Errege Federazioari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta inplikatutako klub guztiei, “Errege Kopa handi bat posible bihurtzeagatik”.