"Zubi hau antizubi bilakatu dute"
Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko VI. ekintza Irun eta Hendaia arteko mugara iritsi da. Santiago zubia bi aldeetatik moztu dute, 'Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra' lelopean.

“Zubi hau antizubi bilakatu dute “, hala deskribatu du Irun eta Hendaia arteko muga Maddi Ane Txoperenak ekitaldi hasierako bertsoan. Antzera hasi du Itziar Varelak hitzartzea: “zubi hau, pertsona askorentzat gurutzatu eziniko muga bat izanik, harresiaren sinonimo bilakatu dute”. Izan ere, Espainiako eta Frantziako Estatuak bereizten dituen Santiago zubira iritsi da gaur, hilaren 10ean, Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko VI. ekintza, Herrien burujabetza eta bizitza duina. Gerra eta kapitalismoaren kontra lemapean
Ez da Emakumeen Mundu Martxa muga horretatik igarotzen den lehen aldia, 2021ean ere bertan egon zen, “migrazio politikak salatzeko ekintzak” egiten. Aurten, toki berera itzultzeko hautua egin dute, “indarkeria forma honek bere horretan dirauelako”, eta “Estatuen arteko mugei ezetz esateko baliatu” dute. Zubia bi noranzkoetan moztu dute “gora borroka feminista!” oihukatzen zuten bitartean, auto-ilara luzeak eraginez.
Politika “arrazista” eta “patriarkalei” planto
Politika eta muga arrazistak salatzerako unean, gogoan izan dute 2024an sortutako J’accuse plataforma, hura ere “instituzioek eragiten duten indarkeriari aurre egiteko” eratu baitzen. Mugimendu feminista ere plataformako kide den heinean, argi dute “migrazioa bera ez dela arazoa” eta “migrazioaren afera ez dela krisi humanitario hutsa”, baizik eta “estrukturalki eragindako larrialdi bat”, “kudeaketa arrazista eta patriarkalagatik”. “Bazterreko subjektuek” pairatzen dute kudeaketa hau, “gorputz migratu eta arrazializatuetan” hainbat ondorio eraginez egunez egun: “atxiloketak, itzulketak, bizileku eskubiderik eza, eta babes falta”.
“Sistematikoki aplikatzen den indarkeria instituzionalari” uko egin, eta Euskal Herriak “harrera, inmigrazio eta migrazio lurraldea” izaten jarraituko duela aldarrikatu dute. “Herrien burujabetza” eta “bizitza duinen” alde borrokan jarraituko dutela adierazi, eta “elkartasuna” proposatu dute erresistentzia forma moduan.