'Ikusmira' proiektuak hamar urte
Irunen azken urtean erroldatutako pertsona atzerritarrentzako topalekuak antolatzen ditu proiektuak. Hilaren 7tik ekainaren 5era arte astero hitzorduak antolatu ditu Udalak.

Hamargarren urteurrena ari da ospatzen Ikusmira proiektua. Azken urtean erroldatu diren atzerritarrei Irunek “integrazioa bermatzeko eskaintzen dituen baliabideak ezagutaraztea, topaguneak sustatzea eta kultura desberdinetako pertsonen arteko komunikazioa eta harremana hobetzea” du helburu.
Ostegunean, hilaren 7an, abiatu zen aurtengo Ikusmira, eta Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariarekin elkartu ziren parte hartzaileak. Iguiñizek Irunera iritsi berri direnen erabakia balioan jarri zuen, “erabaki baitute gehien maite zutena atzean utzi eta bidaiari ekitea hona, Irunera”. Haiek bezala, euskal herritarrak ere atzerrira joan behar izan zirela azaldu zien Gizarte Ongizateko ordezkariak irundar berriei: “euskaldunok ondo dakigu zer den gure herria utzi eta proiektu berri bati ekin behar izatea ezezaguna zaigun herrialde batean. Urte askotan, migratu eta etorkizun berri bat bilatu behar izan zuten lurralde ezezagunetan, hala nola AEBn, Argentinan, Kolonbian, Perun, Mexikon, Australian eta beste hainbat eta hainbat lekutan”.
Ekainaren 5era arte iraungo du aurtengo proiektuak, eta astero bi taldek parte hartuko du; goizeko taldeak asteazkenetako 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldeko taldeak ostegunetako 17:00etatik 19:00etara. “Ahalik eta jende gehienak parte har dezan” hiru bitartekarik ere parte hartuko dute, hala, besteak beste, arabiera eta errumanierara itzulpena bermatuko dute.
Bitartekari taldea arduratuko da jarduerak antolatzeaz, baina, batzuetan udal baliabideetako langileek ere osatuko dute lan taldea. Interesa duen orok 943505635 edo 638901245 zenbakietara deituz eman dezakete izena.
Ikusmira proiektuko jarduera eta bisita gidatuak:
-
Udaletxeko areto nagusia eta liburutegia, Herritarrentzako Arreta Zerbitzua eta Euskaltegia.
-
Bidasoa bizirik. Plaiaundiko Lanbide Heziketako Zentroa.
-
Oiasso Museoa, Ama Xantalen ermita.
-
Gaztelekua, ludotekak eta ingurune irekiko programa.
-
Plaiaundiko ekoparkea. Proiektuari amaiera emateko saioa. Bertan, bertaratze-ziurtagiriak banatuko dira.