Zubietako erraustegira bisita antolatu du Txinzerrek
Hilaren 17an (larunbata) egingo da irteera eta helduei begirakoa da. Doako bisita honetan errauste plantaren funtzionamendua ikusi ahalko da. Dagoeneko izena eman daiteke.

Etxean bereizi ezin diren hondakinak nola tratatzen diren gertutik ezagutzeko helburuarekin, Zubietako errauste plantara bisita antolatu du Txingudi Zerbitzuak mankomunitateak. Hilaren 17an izango da irteera eta Bidasoko helduei begira antolatu dute. Doakoa da, lau ordu iraungo ditu eta autobus zerbitzua Txinzerrek eskainiko du. Izena emateko joan ondoko lotura honetara.
Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte azalpenak eta bisitan zehar errefusaren kudeaketaz ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Txinzerreko gerente Leire Zubiturren arabera, errefusera botatzen den zaborraren %68 birziklagarria da. Bisitaren beste helburuetako bat gaikako bilketaren garrantzia nabarmentzea izango dela ere azaldu du Zubiturrek. Halaber, edukiontzi grisaren erabilera gutxitzearen beharraren kontzientzian eragin nahi dute.
Bisitariek erraustegiko bi planta ezagutuko dituzte. Batetik, planta mekaniko biologikoa, hondakinak sailkatu eta egonkortzeko prestatuta dagoena. Bestetik, energia berrerabiltzeko planta ikusiko dute, birziklatu ezin diren hondakinak energia bilakatzeko asmoz sortutakoa. Soberan den zatia “eskoria” bilakatzen dutela ikusiko dute bisitariek, ondoren erabilera industrialetan berrerabiltzeko.