PSE-EE: "HAPO berriak Zaldunbordako merkataritza gune bati atea berriro irekitzea zentzugabea da"
Sozialisten ustez merkataritza gune horrek saltoki txikien eta hiriaren iraunkortasuna baldintzatu ditzake eta 2017an egin bezala lurzoru horiek industria erabilera gisa kalifikatzearen alde egin dute.

Hondarribiko Udala HAPO berria idazten ari da, eta sozialistek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, HAPO horrek Zaldunborda eremuan jarduera ekonomikoa proposatu eta 2.500 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza erabilerak ezartzea baimentzen du, “galerietan edo merkataritza guneetan antolatuta”.
2017an jada herritarrek merkataritza eredu horren aurkako “erantzun sendoa” eman zutela gogoratu dute, eta horregatik, PSE-EE alderdiak ere hura bertan behera uzteko eskatu zuela.
Beraz, aldi honetan ere, sozialistek zabaldu berri den aukera hori salatu eta hura deuseztatzeko eskatu diote udal gobernuari. Haien ustez merkataritza gune horrek saltoki txikien eta hiriaren iraunkortasuna baldintzatu ditzake.
Zentzu horretan, udal gobernuari zenbait alegazio helarazi zizkieten sozialistek, baina horiek “atzera bota” dituztela deitoratu dute.
Harridura Hondarribiko Alderdi Sozialistan
Sozialistek harriduraz jaso dute udal gobernuak halako merkataritza gune “esperpentikoa” defendatu izana, eta oraindik “ezin sinetsi” daudela adierazi dute: “Udal gobernuak sustatzaile pribatuek inguru horretan inbertsio ekonomikoak egin dituztela argudiatu dute. Zehazki, lurzorua erosi, hura garbitzeko lanei ekin eta plan partziala sustatu zutela. Ez genuen inoiz susmatuko Abotsanitz horren alde atera zitekeenik”.
Sozialisten ustez, lurzoruak garbitzeko beharra balego jabeak garbitu beharko lituzke, “ingurumen legediak ezartzen duen bezala”, eta hortaz gain, lurzorua garbitzeak ez duela 64.000 metro koadroko merkataritza gune handi bat ezartzea “inola ere” justifikatzen esan dute irmo.
“Zaldunbordako merkataritza gunearen jarduera horretan, ez da justifikatzen hiriarentzako interes minimorik ere, eta are gutxiago merkataritza jardueraren azalera hori sortzeko beharra. Ez da aztertzen nola eragingo duen merkataritzan, ezta zerbitzu eta zuzkidura publiko eta pribatuak hobetzea ekarriko duen ere”. Horregatik, 2017an egin bezala lurzoru horiek industria erabilera gisa kalifikatzearen alde egin dute.