Itzalaldiak eragindako kalteak erreklamatu daitezkeela gogorarazi du Acubik
Aseguru etxe gehienek kalte elektrikoengatiko estaldura izaten dute, baita elikagaien galerak edo etxetresna elektrikoetan izandako matxuragatiko estaldura ere. Polizak ondo begiratzeko deia egin du Acubik.

Apirilaren 28an gertatu zen itzalaldia. Egun horretan milioika pertsona elektrizitate hornidurarik gabe geratu ziren, Euskal Herrian, Espainian, Portugalen, Frantzian eta baita Alemanian ere.
Gertakari horri begira, Acubi kontsumitzaileen elkarteak, herritarrei aseguru polizak berrikusi eta aseguru etxeetan erreklamazioak jarri ditzatela gomendatu die. Izan ere, aseguru etxe gehienek kalte elektrikoengatiko estaldura izaten dute, baita elikagaien galerak edo etxetresna elektrikoetan izandako matxuragatiko estaldura ere. Beti ere matxura horiek hornidura etetearekin lotura zuzena badute.
Hortaz gain, kasu honetan bereziki, erabili ezinda geratu ziren tren edo hegazkin ticketak, eta estazio edo aireportuetan gutxieneko arreta jaso ez izana ere erreklamatu daitezke.
Aseguru polizak behar bezala aztertu eta erreklamazioa jartzeko honakoak izan behar dira kontuan:
- Estaldura bazterketak berariaz onartuta eta sinatuta egotea.
- Jasandako kalteak egiaztatzen dituen edozein dokumentu gordeta izatea (fakturak, aurrekontuak, txosten teknikoak, argazkiak…)
- Aseguru etxeari idatziz egin behar zaio erreklamazioa. Bertan, eskaeraren data eta edukia jaso behar dira eta ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia bat zigilatzeko eskatu behar da.
Aseguru etxeak ez baditu erreklamatutako kalteak estaltzen, Acubirekin harremanetan jartzeko eskatu diete herritarrei, egon daitezkeen aukera berriak aztertzeko.
Asegururik ez baduzu, zer egin?
Nahiz eta aseguru polizarik ez izan, erreklamazioa berdin-berdin egin beharko litzatekeela adierazi du Acubik, Espainiako Gobernuaren Aseguru Patzuergoaren bidez. Eta gertatutakoa konpainia elektrikoen kulpa izan dela egiaztatuko balitz, zuzenean konpainia banatzaileei zuzenean erreklamatu ahal izango zaiela gaineratu du elkarteak.
Azkenik, aseguru etxeak ez baditu izandako kalte materialak estaltzen, derrigorrez erreklamaziotik eratorritako gastu juridikoak bere gain hartu behar dituela gogorarazi du Acubik, “betiere defentsa juridikoaren estaldura polizan sartuta badago”.
Acubirekin harremanetan jarri nahi ezkero 943 63 21 94 zenbakira deitu edo hurrengo helbidera idatzi daiteke.