Naziek deportatutako irundarrei aitortza, zubian
1940-1945 urteen artean naziek sorterritik aterarazi eta errepresaliatu zituzten irundarren izen-abizenak jarri dituzte Nazioarteko Zubian.

Bigarren Mundu Gerran sorterritik deportatuak izan ziren irundarrei omenaldia egin die Nicolas Gerendiain Errepublikazaleen Elkarteak. Irungo Nazioarteko Zubian naziek bortxaz erbesteratu zituztenei aitortza egin die, haien izenak eta beste hainbat datu nahiz euskarri jarrita. Hilaren 11ra arte izango dira bertan jarrita izen-abizen horiek, paneletan.
“Maiatzaren 5ean, Espainiako Gobernuak Mauthausenera eta beste kontzentrazio-esparru batzuetara deportatutako eta hildako espainiarrak eta nazismoaren Espainiako beste biktima guztiak omentzeko eguna ezarri zuen. Izan ere, 1945eko egun horretan askatu zuten aliatuek Mauthauseneko esparrua. Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikazaleen Elkarteak omenaldi bat egin nahi die demokrazia defendatzeagatik 1940 eta 1945 artean deportazioaren horrorea pairatu zuten irundarrei”, esan dute elkartekideek.
Liburu aurkezpena
Erakusketaz gain, maiatzaren 8rako liburu aurkezpena prestatu du errepublikazaleen bilguneak. 19:30ean, Palmera Monteron, Y los campos se quedaron sin flores liburuan aurkeztuko du Unai Egia Bizkarralegorrak. “Enric Marcoren historia jasotzen du liburuak, eta gezur batek egia sakonei atea ireki eta gure iragana hobeto ulertzen nola lagun diezagukeen erakusten digu. Enric Marcok, nazien eremuetara deportatua izan zela esan zuenak, beste pertsona baten nortasuna lapurtu zuen, Enric Monerrena, 6.448 bere preso zenbakia zuena. Faltsukeria horren ondorioz, Unai Egiak Txekiako kontzentrazio-esparru batean deportatuei buruzko benetako istorio bat ikertu eta dokumentatu zuen”, azaldu dute Irungo elkarteko ordezkariek.
Liburuaren aurkezpenean, Anton Gandarias izango da, Anjel Lekuona deportatu eta kontzentrazio-esparru horretan exekutatutako biktimaren senide eta iloba.