IAM pabiloia eta Txenperenea eremua eraikitzeko pausoak eman ditu Irungo Udalak
IAM pabiloi berria eraiki ahal izateko Plan Orokorrean egin behar diren aldaketak aztertu, kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko proiektua aztertu eta hirigintzako jarduketen berri eman dute.

Irungo Udalak bi proiektu estrategiko ditu. Batetik, IAM pabiloi berria eraiki nahi dute Ficoba inguruan, eta bestetik, Txenperenea urbanizatu eta kirol instalakuntza berriak eraiki nahi dituzte bertan, Plaiaundiko aktibitatea bertara lekualdatzeko. Udal gobernuaren hiri eredua garatzeko funtsezkoak diren proiektuak direla iritzita, aurrera eramateko lanketan buru-belarri ari dira, eta gaurko egunez azken hilabeteetan eman dituzten pausoen berri eman dute.
IAM pabiloia
Asteazken arratsaldean bildu zen Udal Plangintzako Aholku Kontseilua, eta bilera horretan, Plan Orokorrean egin daitezkeen aldaketak aztertu zituzten. Eragiketa hori beharrezkoa dute IAM pabiloi berria eraiki ahal izateko. Aldaketa horiek Ficoba-Kostorbe eremuari eragingo liokete. Izan ere, udalak bi eremu horiek batera antolatu nahi ditu, “ekipamenduaren eremua ikuspegi global batetik berrantolatzeko”.
Batetik, Ficobako partzelaren mugak berriro zehaztu, eta haren antolamendua finkatzeko asmoa adierazi zuten aholku kontseiluan. Hala, Ficoba erakustazoka handitzeko aukera izango lukete. Bestetik, udal lurzoruan ekipamendutarako partzela berri bat mugatzea eta haren egiturazko antolamendua finkatu nahiko lukete, ekipamendutarako erabilera anitzeko eraikin bat sortu ahal izateko.
Aldaketa horiek zehaztuta, hasierako onarpena maiatzeko osoko bilkuran bozkatuko dute. Hilaren 30ean izango da hori.
Irungo Udalaren helburua Emakumezkoen Eskubaloiko 2029ko Munduko Txapelketa bertan jokatu ahal izatea da, eta ondoren aisialdiko eta kirol arloko ekitaldiak ere antolatu ahal izatea.
Txenperenea
Txingudiko Plan Bereziaren Mahaia, berriz, atzo goizean bildu zen. Mahai hori Irungo Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko Udalak osatzen du.
Bilera horretan Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekualdatzeko proiektua aztertzeaz gain, hirigintzako jarduketa programaren eta urbanizazio proiektuaren berri eman zuten. Aurreikusitako aurrekontua 27.802.453,70 eurokoa da, BEZik gabe.
Udalak jakinarazi duenez, gainera, Cristina Labordak 1993an sinatu zen lankidetza hitzarmena eta Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko finantzaketari buruzko akordioa berritzeko eskatu zien Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritza finantzaketaren % 30ez arduratuko da; Gipuzkoako Foru Aldundia, % 50ez; eta Irungo Udala, gainontzeko %20az.
“Pausu garrantzitsu eta guztiz ezinbestekoa da kirol instalakuntzen behin betiko lekualdatzea emateko; izan ere, hauek Plaiaundi bezalako babestutako ingurune natural batean daude, eta Txenperenea kokaleku berria izango litzateke. Lekualdatze hau gure lehentasunen artean dago, hiritarrei zor diogu horrenbeste urte eta gero, eta bide horretan jarraituko dugu lanean lehen baino lehen errealitate bihurtzeko”, adierazi du Labordak.
Proiektu osoa hiru fasetan egingo dela aurreratu dute. Lehen fasean eremuaren ipar mendebaldeko lanak egingo dira, errugbi eta atletismo taldeen eskaera historiko bati erantzuteko. Fase honek 4,5 milioi euroko kostua izango du, eta 24 hilabete beharko lituzkete lanak gauzatzeko.