Europako ametsetik tupustean esnatu da Bidasoa Irun
Nabarmen galdu zuen talde irundarrak EHF European Leagueko itzuliko partida, Artalekun. Alemaniako Melsungen erraz gailendu zen (22-32).

Atzoko partida 22-32 galdu zuen Bidasoa Irunek, Alemaniako Melsungen taldeak erraz hartu zuen mendean talde irundarra EHF European Leagueko final-laurdenetako itzuliko partidan. Joanekoan 29-28 galdu zuten horiek Alemanian, eta kontrako gol bakarreko aldea izanda, atzokoak egun egokia zirudien markagailua irauli, eta txapelketa horretako lauko finalera sailkatzeko. Baina ezin. Jada lehen zatiaren erdialdetik alde nabarmenak ezartzen hasi zen kanpoko ekipoa, eta atsedenaldira 8-15 iritsi ziren; bigarren zatian ere horma baten kontra ariko balira izan ziren Alex Mozasek entrenatutakoak, eta 30 minutuko gurutze bidea izan zen, bukaerako 22-32ra iritsi arte.
Zaleak, beti bezala. alboan izan zituzten jokalari irundarrek. Partida hasi aurretik, haiek Artalekura iritsi zirenean, harrera gozoa egin zieten. Partida hasi aurretik eta lehen minutuetan ere harmailetako berotasuna sumatu zuten taldekideek, baina minutuak pasa eta kontrako golen aldeak hazi besterik egiten ez zela ikusita, apaldu egin ziren animoak. Partida bukaeran oihu eta txalo zaparrada jaso zuten etxeko jokalariek, eta kanpokoek.
18 urte dira Bidasoa Irun ez zela hain urrutira iritsi Europan. Aurten ere Asobal Ligan oso ondo dabiltza Bidasokoak, beraz, sasoi honetan egindakoak hobetzeko aukera izan dezakete kontinenteko lehian 2025-2026an irundarrek.
Udalaren zorion mezua
Europatik kanporatua izan arren, Irungo Udalak taldea zoriondu du. Cristina Labordak alkatearen hitzetan iritsi da irundarren etxearen animo mezua, eta irundarraren “ausardia eta sakrifizioa” nabarmendu ditu: “Bidasoak ondo baino hobeto ordezkatzen ditu gure hiriaren balioak, lana, umiltasuna eta ausardia erakusten baititu doan lekura doala. Europan denboraldi honetan egin duten ibilbideak zirrara piztu digu, baina, batez ere, sinetsarazi digu edozein aurkariri gailentzeko gauza garela. Kolpe latza da, baina denboraldia oraindik ez da amaitu: ligako bigarren posturako borrokan segitzen dute, eta Espainiako Koparen amaierako fasean dira. Artalekun elkar ikusiko dugu, ekain hasieran”.
Zaleak ere zoriondu nahi ditu udalak taldeari eman dioten “babesagatik eta prestasunagatik”, baita kanpoko taldeei egin dieten harrera onagatik ere.
Ekainaren 6, 7 eta 8ko asteburuan Artaleku kiroldegian jokatuko da Espainiako Koparen amaierako fasea. “Hitzordu historikoa, noiz eta efemeride esanguratsu baten ospakizunean, Kopak 50 urte betetzen baititu aurten”, esan du Labordak.