"Galdu ezin den ondarea" berreskuratu dute: Irungo Sagardo Eguna
Taupadak GKE, Betti Gotti eta Antxeta Irratia Irungo Sagardo Eguna berpizteko batu dira, iazko hutsuneari aurre eginez. Hilaren 10erako festa euskaldun, herrikoi eta parte hartzailea prestatu dute, hiriko eragile askorekin lankidetzan.

Iaz ez zen egin Irungo Sagardo Eguna. Zartakoa izan zen irundarrentzat halabeharrez hartutako erabakia. Hutsune horri aurre egiteko beti funtzionatzen duen formula erabili da beste behin: elkarlana. Eragileen arteko lankidetzatik abiatuta berpiztu dute Irungo Sagardo Eguna, XXVII. ekitaldia antolatu baitute Taupadak GKEk —aurrekoak antolatu zituen—, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak, eta Antxeta Irratiak. Hilaren 10ean (larunbata) izango da sagardoaren festa Urdanibia plazan. Gaur aurkeztu dute Ola sagardotegian. Eskaera bat egin dute: plazara joango direnek etxetik euskal zapia lepoan jarrita eraman dezatela.
«Galdu ezin dugun ondarea da ospakizun hau», esan du agerraldian Taupadak GKEko Jokin Melidak. Balioa eman dio eguna antolatzeko prest izan diren hiru eragileen batzeko eta elkarlanerako gaitasunari, baina hiru horiez gain, hiriko beste motor txiki askok bat egin izana goretsi du: «Betiko filosofiari eta formatuari jarraipena eman diogu, baina berritasun batzuk ere txertatu ditugu egunerako. Hori dela-eta Sagardo Egun euskalduna, herrikoia eta parte hartzailea izango dugu». Horregatik, jendea hilaren 10eko arratsaldean Urdanibia plaza aldera hurbiltzeko gonbita egin du, antolaketa lana egoki joan bada ere, horrek guztiak herritarren presentziarik gabe zentzurik ez lukeelako.
Antolaketaren pisua hiru eragile horiena bada ere, egunaren bideratze lanean konplize izan dituztenak aipatu ditu Taupadak-en ordezkariak, tartean direlarik Irungo Udala, bertako enpresak, elkarte gastronomikoak, tabernak… «Bertatik bertarako Sagardo Eguna izango da». Gainera, hilaren 15ean hasiko den Euskaraldiak presentzia izango duela zehaztu du Melidak, postua jarriko dutelako, eta aldi berean, Urdanibia plaza bera tragoxka eta pintxo artean euskaraz aritzeko gune bilakatzeko.
Xehetasunak
Antxetako Asier Arbelaitzek eman ditu sagardoaren festaren gaineko hainbat xehetasun. 18:00etan izango da hasierako txotxa, eta hamar sagardotegitako 3.600 botila (2.710 litro) hustuko dituzte. Gainera, 3.000 txorizo eta bakailao tortilla pintxo inguru egin eta salduko direla jakinarazi du, eta eskerrak eman dizkie horiek egingo dituzten Irungo elkarteei.
Hamar euroren truke, edalontzia, pintxo bat eta hamar txotx egiteko (jarriko den postu bakoitzeko bana) txartela eskuratu ahalko da, eta pintxo gehiago jan nahi dituztenek bi euroko tiketaren truke jan ditzakete horiek.
Betti Gottiko Joxeja Zabalok hainbat emanaldiren berri eman du agerraldian. Girotzean berritasunak izango direla adierazi du. Horien artean Auntxa Trikitixa Eskolako eta Irungo udal kontserbatorioko trikitilariak arratsaldeari doinua ezartzeko lanean izango direla esan du, eta behin txotxa bukatuta (21:00ak inguruan) Los Trankilos taldeak kontzertu ibiltaria egingo duela Moskun hasi, eta San Juan plaza ingurura arte. Gaueko giroa bermatu nahi dute horrela.

Irungo XXVII. Sagardo Egunean, 10 sagardotegiren uzta dastatzeko aukera izango da. Honakoak:
- Ola (Irun)
- Linddurenborda (Lesaka)
- Ordozelai (Oiartzun)
- Egiluze (Errenteria-Orereta)
- Alorrenea (Astigarraga)
- Gurutzeta (Astigarraga)
- Petritegi (Astigarraga)
- Altuna (Hernani)
- Larre Gain (Hernani)
- Rufino (Hernani)
Irungo hainbat elkartek 3.000 pintxo egingo dituzte Sagardo Egunerako. Honakoak dira. Antolatzaileek esker bereziak helarazi dizkiete:
- Kurpil Kirolak.
- Jostailu.
- Irungo Motor Elkartea.
- Txingudi Rugby Club.
- Irungo Euskal Kirolak.
- Nabartenea elkartea.
- Alde Zaharreko Auzo Elkartea.
- Aialdean Elkartea.
- Erlaitz Elkartea.
- La Salleko ikasle ohien elkartea.
- Bidasoko Euskal Kultur Elkartea.