Mugi birtualaren probak, Irunen
Maiatzaren bigarren erdialdean hasiko da sakelako telefonoen bidez hiriko autobusetan Mugi txartela erabiltzeko proben fasea.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak iragarri du Mugi birtualaren probaldia Irunen egingo duela. Zehazki, hiri barruko autobusetan probaldia egingo den lehen hiria izango da Irun. Hirien arteko autobus publikoen probak Goierriko Lurraldebusen zerbitzuetan egingo dituzte, maiatzaren lehen hamabostaldian.
Zehazki, sakelako telefonotik autobuseko joan-etorriak ordaintzeko sistema da probaldian izango dena; maiatzeko bigarren erdialdetik aurrera izango da indarrean probak egiteko epea. Gainera, Mugirekin harremana duten bestelako jarduerak (diruz kargatzea, esaterako) ere aurrera eraman ahalko dira. Hala ere, ohiko txartelekin ere ibili ahal izango dira bidaiariak.
Azahara Dominguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidenteak eta Cristina Laborda alkateak eman dute azterlan izaera izango duen egitasmoaren berri. Izan ere, Irunen jasotako emaitzen arabera, beste herrietako hiri barruko autobusetan sistema nola ezarri jakin ahal izango da. Mugi sakelakoetan behin betiko erabilgarri denean, bidaiarientzako “iraultza” suposatuko duela horrek adierazi du Dominguezek, “izan ere, erabiltzaileei Mugiko kontuak azkarrago, erosoago eta errazago erabiltzeko aukera emango die beren gailu mugikorretik, txartel fisikoa aurkeztu beharrik gabe”. Hartara, Irun barruko autobusetan txartel irakurgailuak berritu direla jakinarazi du Dominguezek, eta horregatik, kreditu txartelarekin ere ordaindu ahalko dira tiketak autobusetan bertan.
Labordak berretsi du hiri autobusetan baliozkotzaile berriak jarri direla, hiru lineetan eta proba fasean gaur-gaurkoz. “Irun, duela sei urte, autobus elektrikoen linea bat duen Euskadiko lehen hiria bihurtu zen, eta aurrerapen horrekin, hiri-garraioa mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloan abangoardia teknologikoan kokatzen jarraitzen dugula erakusten dugu”, gaineratu du Labordak.
Abantailak
Dominguezek adierazi du Mugi sistema birtualak “abantaila garrantzitsuak” ekarriko dizkiela erabiltzaileei, “ez baitute zertan txartel fisikoa aurkeztu behar txartelak ordaintzeko”. Azaldu duenez, sistemaren birtualizazioak “erosotasun handiagoa” ekarriko die erabiltzaileei, eta “sisteman alta eman ahal izango dute edo aplikazio mugikorraren (app) edo webgunearen bidez migratu ahal izango dute”. Mugi birtuala duten pertsonek online kontu bat izango dute, eta bertan “beren informazio guztia denbora errealean ikusi ahal izango dute, karga automatikoak programatu ahal izango dituzte horietan gehiago pentsatu behar ez izateko, garraio publikoko operadoreetara sartzean identifikatuko diren euskarriak kudeatu ahal izango dituzte, edo familia osoaren Mugi txartel birtualak eraginkortasunez gainbegiratu eta kudeatu ahal izango dituzte”, adierazi du. “Operadoreak sistema berrian sartzen diren heinean, erabiltzaileak egungo txartelarekin identifikatu ahal izango dira, birtuala izateko aukerarekin, baina baita telefono mugikorrarekin ere, QR kode baten bidez, edo, etorkizun hurbilean, Mugiri lotuta egongo den kreditu- txartelarekin”.
Gainera, online kontua denez, “unean uneko profil pertsonalizatua lortu ahal izango dute, etorkizunera aldatu edo berritu, eta kontu berean itzulketak jaso, itxaron gabe”.