Europan aurrera egiteko, zaleak ere jokalari
Bidasoak EHF European Leagueko final-laurdenetako itzuliko partida du bihar Artalekun, Melsung taldearen kontra. Joaneko partidako kontrako gol bakarreko errenta zaleekin batera irauli nahi dute.

Europan historia egiten jarraitu nahi du Bidasoa Irunek. Bihar (asteartea) Alemaniako Melsung taldearen kontrako partida du Artalekun, EHF European Leagueko final-laurdenetako itzulikoa alegia: Alemanian, 28-27 galdu zuten irundarrek. Hala, finalerdietara iristeko zaleak ere jokalari bilakatu nahi ditu eskubaloi taldeak: kiroldegira iristerakoan harrera prestatu du.
20:45ean hasiko da biharko partida (19:45ean zabaludko dira Artalekuko ateak). Jokalariak 19:00ak aldera iritsiko dira kiroldegira. Beraz, Bidasoak dei egin die irundarrei eta Bidasoaren zaleei 18:45ean jokalariei harrera egitera hurbil daitezela Artalekura, Luis Marianoko eskaileren eremura zehazki. Harrerara hurbiltzen direnei banderak emango dizkiete. Hala ere, jokalariak iritsi baino ordubete lehenago han izateko aholkua eman du klubak
Partidaren atsedenaldian Ramon Aranbururi oemandia egingo diote, Bidasoaren delegatu eta zuzendaritzako kide izandakoa hura
Atarikoak
Alex Mozas, Irudek Bidasoa Irungo entrenatzaileak balioa eman dio joaneko partidan lortutako emaitzari, gol bakarragatik galdu zutelako irundarrek. “Helburua zen etxera kanporaketa irabazteko aukerekin iristea, eta lortu genuen. Egia da zapore txarra geratu zitzaigula, apur bat alde handiagoarekin etor zitekeen, baina azken batean ez luke hainbeste aldatuko, partida oso estua izango baita eta gure aukerak izango baititugu”, adierazi zuen Bidasoako entrenatzaileak.
Mozasek nabarmendu du Artalekuk izango duen garrantzia bere jokalariek partidan aurrerapauso bat eman dezaten. “Etxeko faktoreak asko eragiten du. Han guk ez genuen aparteko presio atmosferikorik sumatu, baina haiek bai, hemen sumatu beharko lukete, eta horretan hobeak gara gu. Espero dugu horrek alde ona ekartzea guretzat”.