Dusul duoaren kontzertua Oiasso museoan, maiatzaren 4an
Hondarribia-Peñiscola Nazioarteko Gitarraren Jaialdiaren baitan antolatu dute kontzertua, eta dohainik eskuratu daiteke sarrera. Maiatzaren 1ean museoko ateak irekita mantenduko dira, termen bisita gidatuak egin ahal izateko.

Hondarribia-Peñiscola Nazioarteko Gitarra Jaialdiaren XXIII. edizioaren baitan kontzertua emango du Dusul duoak. Sarrerak dohainik eskuragarri jarriko dituzte museoko harrera-lekuan hilaren 30ean, eta Oiasso museoaren webgunean ere lortu daitezke.
Eudoro Grado eta Gonçalo Rosak osatzen dute bikotea, eta “gitarra klasikoaren eta gitarra portugesarekin soinuekin” aurkeztuko dute haien A som que acorda o temo (Denborak esnatzen duen soinua) lana.
Maiatzaren 4an, 12:00etan, Oiasso museoan izango da kontzertua, Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak adierazi duenez.
Museo eta termen bisita gidatuak, maiatzaren 1ean
Maiatzaren 1ean irekita egongo da Oiasso museoa, goizean 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean 16:00etatik 19:00etara. Museo eta termen bisita gidatuak egingo dituzte, 11:00etan gazteleraz eta 12:00etan euskaraz.
Helduek 5,75 euroren truke eskura dezakete sarrera, 7 eta 14 urte artekoek, ordea, lau euroren truke. Museoko harrera-lekuan edo webgunean har daitezke sarrerak.