528 kontsulta eta 98 kexa jaso ditu ACUBIk lehen lauhilekoan
Hipoteka kostuei buruzkoak izan dira 2025eko lehen lauhileko honetan egindako kontsulta eta kexa gehienak. Batez ere emakumeak hurbildu dira elkartera, presentzialki.

Bidasoko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak (ACUBI) 528 kontsulta jaso ditu 2025eko lehen lauhilekoan, horietatik 454 Irunen, 67 Hondarribian, eta beste 7ak Bidasoatik kanpo.
Nagusiki hipoteka kostuei buruzko kontsultak jaso dituzte, 163 kontsulta, hain zuzen ere. Gehien bat banku erakundearekin kontratatutako hipoteka maileguaren eskriturako gehiegizko klausula aplikatzerakoan ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskatzera hurbildu dira.
Alokairuari buruzko 84 kontsulta jaso dituzte, errenta berrikuspen eta errentaren ez ordaintzeari lotutakoak batez ere. Komunitateari buruz jasotako 71 kontsultak bizilagunen bileren deialdi eta aktei buruzkoak izan dira, baita bizilagunen batek ordaintzen ez duen zorraren erreklamazio eta komunitateko lanen inguruan ere.
Gainera, aseguruei buruzko 43, argi eta gasari buruzko 29 eta etxebizitzen salerosketari buruzko 19 kontsulta jaso dituzte.
Guztira 98 kexari erantzun die ACUBIk: 86 Irunen, 11 Hondarribian, eta azkena eskualdetik kanpo. Kontsulten kasuan bezala, kexa gehienak hipoteka kostuei buruzkoak izan dira (47 kexa). Alokairuei buruzko 10 kexa egon dira, eta aseguruei buruzko sei.
Izan kontsulta egiteko edo kexa jartzeko, emakumeak izan dira ACUBIra hurbildu diren gehienak, eta aurrez aurre egin dute.