Azken Ostirala, erregimen irekiaren eskubidea aldarri
Bihar elkartuko dira Zabaltza plazan euskal preso politikoen eskubideen alde. Bestalde, maiatzaren 17an Puzzlea osatu arte ekimenak lur hartuko du Irunen.

Apirileko Azken Ostiralaren deia biharko du egina Irungo Sarek Zabaltza plazan, 20:00etan, eta azken urte honek emandakoak aztertzeko eta aurrean dituzten erronkei begira jartzeko parada egin dute.
Urte hasieran, aurrerapausoak ematen segitzeko urtea izango zela aurreikusi zuen Sarek eta hala izan dela berretsi dute: “eskatutako bidetik hasi dugu urtea”. Hainbat datuetan oinarritu dira asebetetze hau azaltzeko, hala nola, euskal preso politikoen ia erdia erregimen irekian egotea, eta beraz, egunero kalea zapaltzen ari direla zenbait euskal preso.
Egungo eszenatoki hau orain urte batzuk “pentsaezina” zela adierazi dute, baina egoera aldatu bada, “euskal gizarte zabalaren babes eta bultzadarekin” izan dela aldarrikatu dute. Bestela, “gauza ezina” litzateke.
Dena den, espero ez zituzten berriak ere jaso ditu kolektiboak eta horiek duela bi urte arte Auzitegi Nazionalak izan ohi zuen jarrera oroitu diela salatu dute. “Pairatu behar izan ditugu berriro, Xabier Zabalo eta Josu Narvaezen gradu erregresioa”, deitoratu dute.
Erabaki hauek soilik euskal presoen etxerako bidea “oztopatu” egiten dute eta konponbidea “luzatu”. “Herri honek etorkizunera begira jartzeko duen beharra eta elkarbizitza agertokiak oztopatu”, gaineratu dute.
Puzzlea osatu arte
Maiatzaren 17tik eta 18ra Puzzlea osatu arte izeneko martxa bat egingo du Sarek. Lesakan hasi, Irunera iritsi, Hego Euskal Herria zeharkatu eta Iruñea izango du helmuga. Guztira 29 herritatik igaroko dira, oraindik kalea zapaldu ezin duten preso politikoen herrietatik, hain zuzen.
Aldarri nagusia euskal presoek beraien zigorrak erregimen irekian betetzeko duten eskubidea eta beharra aldarrikatzea izango da. Egun, 58 euskal preso politiko zenbatu ditu Sareak eta horiek zigorra etxean bete dezatela ere eskatuko dute.
Irunen kasuan, San Juan plazan ekitaldi bat egiteko asmoa daukate, baina aurrerago emango dituzte xehetasunak. Sorzabalez gain, Fermin Vila Fermo preso irundarra Zaballako espetxean dago kondena betetzen.