Auzoetako Kultur Agenda, San Migelen, Meakan eta Behobian
Behobian, Remember taldeak joko du; San Migelen, drone bat erabiltzen ikasteko tailerra egingo da; eta Meakan haurrentzako jarduerak egingo dira.

Auzoetako Kultur Agenda ekimena Meaka, Behobia eta San Migel auzoetara iritsiko da asteburu honetan, hilaren 25ean eta 26an, hain zuzen. Jardunaldi bereziak dira eta hiru jarduera antolatu dituzte.
Meakako Auzo Elkartean, Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldia egongo da, ohe elastikoekin jolasteko aukera bezala. Hitzordua 17:00etan finkatu dute eta Opila Egunaren bueltan antolatutako ekimena da. Informazio gehiagorako, jo albiste honetara.
Bestetik, hilaren 26an, larunbata, San Migeleko zentro sozialean drone bat non eta nola pilotatzen ikasteko tailerra eskainiko dute. Ez da izena eman behar eta 10.30ean hasiko dira tailerrarekin, 12:30ak arte.
Hilaren 26an ere Behobian egongo da zer gozatu, Remember taldeak kontzertua eskainiko baitu auzoko futbol zelaian, Behobiako auzo elkartearen alboko plazatxoan. Musikaren festa hau 20:00etan hasiko da.