Aurtengo lehen Merka2dasoa, maiatzaren 10ean
Irunen egingo da eta parte hartzeko maiatzaren 5a baino lehen eman behar da izena. Berrikuntza gisa, zamalanak egiteko ordutegia finkatu dute.

Bueltan da Merka2dasoa azoka, ekonomia zirkularra sustatzea eta kontsumo tradizionalari alternatiba iraunkorra eskaintzea asmo duen bigarren eskuko azoka. Txinzerrek antolatzen du eta urteko lehen azoka maiatzaren 10ean egingo dela iragarri dute, Irungo Zabaltza plazan.
Ordutegian aldaketa txiki bat egin dute, eta edizio honetan 10:30etatik 14:30era jarriko dute azoka. Salmenta postu bat jarri nahi dutenek maiatzaren 5a baino lehen eman beharko dute izena eta horretarako formulario bat bete behar da.
Izena ematen dutenek baieztapena jasoko dute eta merkatuaren araudia jasoko dute ere. Araudia irakurtzea “ezinbestekoa” dela azaldu dute, “ezustekoak eta arazoak saihesteko”.
Postu propioa ez dutenek eta objektuak saldu nahi dituztenek, horretarako gordailu zerbitzua eskainiko dute antolatzaileek, Txinzerrek sal ditzan.
Bigarren eskuko azoka
Azokan parte hartu nahi duenak, egoera onean dauden artikuluak jarri beharko ditu salgai eta produktuak denetarikoak izan daitezke: kirol materiala, arropa, poltsak, jostailuak, liburuak, etxetresna txikiak etab. Merka2dasoak oroitu du ezin dela lehen eskuko artikulurik saldu, ezta stockean dauden produkturik, eskulanik edota espresuki produzitutako artelanik edo bitxirik ere ez.
Berrikuntzak
Orain artean ez bezala, izena ematen dutenek merkatuaren egunean zamalanak egiteko ordua hautatu beharko dute, honako ordu hauen artean: 09:15; 09:30 edo 09:45. Xedea, auto pilaketak saihestea eta irisgarritasuna hobetzea da, eta hargatik, hautatutako ordutegia errespetatzea “garrantzitsua” izango dela aurreratu dute.
Merka2dasoa merkatu bat baino askoz gehiago da. Hondakinak murrizteko eta erabilerarik ez duten objektuen bizitza erabilgarria luzatzeko giltzarri den ekimena da. “Ez da salerosketa-gune hutsa; helburua objektuen bizitza luzatzea eta hondakinak gutxitzea da, modu atsegin eta parte-hartzailean”, adierazi du Zubiturrek. “Aukera bikaina da trastelekuak husteko, altxor txikiak aurkitzeko eta, batez ere, denon artean kontsumo arduratsuago baten alde egiteko”.