Kabigorrin apirila jardueraz lepo
Hil honen hondarrean hainbat jarduera egingo dira Kabigorrin: erakusketa, kabareta, poesia errezitaldia edo kontzertu bat.

Apirileko egitarauaren berri eman du Kabigorrin eta erakusketak, espektakuluak, elkarrizketak eta kabaretak dira egin dituzten proposamenak.
Hilaren 24tik ekainaren 14ra, Plastikozko ametsak argazki erakusketa egongo da ikusgai, Kabigorriko ordutegien barruan. Klima aldaketak planetako hainbat lekutan emakumeen roletan izaten ari den eraginaren ikuspegi kritikoa landu dute honetan. Parekide elkarteak antolatu du eta Bantar Gebang-en kasua izan dute ardatz.
Gebang, Indonesiako Jakarta hiriburuan dagoen munduko zabortegi handienetako bat da eta bertan milaka emakume bizi dira eta lan egiten dute ere, zabor mendien artean. Hogei argazkik osatzen dute erakusketa eta hainbat hiritako hondakinen zikloa eta bizitza jarri nahi izan dituzte erakusgai.
Bestetik, hilaren 24an, osteguna, 19:30ean, La Chispa kolektibo kulturalak “kontzertu errebeldea” antolatu du. Kontzientziaren gaia “ondo definituta” duen kolektiboa dela azaldu du Kabigorrik eta artea borrokarako beste tresna gisa baliatuko dute.
Elkarrizketa sektorialaren txanda izango da ostirala, hilak 25, 19:30ean. Sorkuntza prozesuak eta kkultura baliabideetarako sarbidea, artisten migrazioak edo jatorriko lurraldetik nahitaez lekualdatzea izango dituzte hizketagai. Artistek artearen hainbat diziplinako migrazioak egingo dituzte eta haien kultura prozesuen eta garatzen diren espazioen garapenean izandako esperientzietatik hartuko dute hitza.
45 minutuko iraupena izango du saio honek, eta ondoren, poesia errezitaldiaren txanda izango da: Dejar atras la casa en llamas. Errezitaldiak 45 minutu eta ordu beteren artean iraungo du. Sinopsia Kabigorriren orrialdean topa daiteke.
Azkenik, hilaren 26an (larunbata) kabareta taularatuko du Kabigorrin. Hain zuzen, Kabaret Popkorn deituriko umore ikuskizuna eta bakarrizketa absurdoa da programatu dutena. Aitor Nabarro eta Laura Muñoz obraren egileek antzeztuko dute.