Maiatzaren 1 eta 4aren artean, trenik ez Lezo-Errenteria eta Irun artean
Renfek autobusak jarriko ditu bi geltokien arteko bidea egiteko. Gaintxurizketako tunelean lanak egin behar direlako izango da etenaldia.

Maiatzaren 1etik 4ra (bi egun horiek barne) Renfeko trenen trafikoa etengo da, bi norabideetan, Irun eta Lezo-Errenteria geltokien artean. Adifek lanak egin behar ditu Gaintxurizketako tunelean, eta horregatik erabat etengo duten trenen trafikoa. Bi geltokien arteko bidea egiteko autobusak jarriko ditu Renfek, 311 orotara. Autobus horien ordutegiak tren operadorearen webgunean ikusi ahal izango dira datorren astean.
Etenak aldiriko, distantzia ertaineko nahiz luzeko trenei eragingo die. Herritarrak garraiatzen dituzten zerbitzu guztiei, alegia. Hala, etenak iraun bitartean Irun eta Lezo-Errenteria geltokien artean aldirikoak erabiltzen dituztenentzat 288 autobus jarriko dituzte, bi norabideetan (Irunerantz edo Lezo-Errenteriarantz) eramango dituztelarik bidaiariak. Hau da: Irunera joan nahi dutenek, Lezo-Errenterian trenetik atera eta autobusa hartu beharko dute; Irundik Brinkolarako norabidea hartu behar dutenek, berriz, Irungo geltoki ondoan autobusa hartu, eta Lezo-Errenterian igo ahal izango dira trenera. Bi kasuetan, bi geltokien arteko geldialdi bakarra izango dute autobusek, Irungo Katea auzoan zehazki.
Distantzia ertaineko bidaiak egin behar dituztenentzat aldirikoen prozedura berbera egokituko dute; bide luzeko trenen erabiltzaileak, berriz, Irundik Donostiako estaziora (eta alderantziz) eramango dituzte autobusez.