Herri Kanta Jaialdia, maiatzaren 18an
Parte hartu bahi duten abesbatzek maiatzaren 5era arteko epea dute izena emateko.

Hondarribiko udaberrian klasikoa da jada Herri Kanta Jaialdia. Aurten maiatzaren 18an izango da (igandea, 11:30ean hasita), beti bezala Gipuzkoa plazan jasoko ditu abesbatzak. Jaialdia hondarribiar ahotsen festa dela esan daiteke, bertan parte hartzeko ezarri diren baldintzetako bat, abesbatzetako kideen %80 gutxienez herrikoak izatea baita. Parte hartzeko epea zabalik da, maiatzaren 5era arte: BAZ bulegoan eman behar da izena. Hondarribiko Udaleko Kultura sailak antolatu du abeslarien topagunea.
Izena ematerakoan, hainbat datu eman behar dituzte herri koruek: taldearen izena, partaideen kopurua, zuzendariaren izena eta harremanetarako datuak, besteak beste. Jaialdiaren ondoren bazkaria izan ohi da, eta bertara zenbat kidek joateko asmoa duten ere adierazi behar da parte hartze eskaera orrian.
Datuak emateaz gain, baldintza batzuk bete behar dituzte abesbatzek. Honakoak nagusienak:
- Abesbatzetako kideek 16 urtetik gora izan behar dute, eta koruak ahots berdinekoak edo mistoak izan daitezke.
- Abesbatza bakoitzak gutxienez zortzi kide izan behar ditu.
- Taldekideen %80 gutxienez Hondarribian jaioak edo bertan bizi direnak izan behar dira.
Jaialdian talde bakoitzak hiri kantu abestuko ditu. Bi, taldekideek aukeratutakoak izango dira. Hirugarrena talde guztiek abestuko dute, kantu berbera izango da: hori aukeratzeko bilera maiatzaren 7an egingo dute (13:30ean, udaletxean) kantari talde guztien zuzendariek.