San Migel-Anakan "lehen urratsa" egin du udalak
Lehen babes ofizialeko 147 etxebizitzen sustapena lehiaketa publikora atera berri du erakundeak.

Joan den urrian Irungo Udalak behin betiko onartu zuen San Migel-Anakako birpartzelazio proiektua, eta orain, bertako babes ofizialeko lehen 147 etxebizitzen sutapena lehiaketa publikora atera berri duela jakinarazi du erakundeak. Eremu horretan udal etxebizitza publikoa martxan jartzeko “lehen urratsa” dela gaineratu dute udaleko iturriek. Cristina Laborda alkateak eman du horren berri.
Hain zuzen, Letxunborro hiribidearen eta Agerre kalearen arteko izkinan dagoen bizitegi partzelan eraikiko dituzte aipatutako lehen etxebizitza horiek. Proiektu hau “eremu horretako lehen harria” dela aipatu du alkateak, eta guztira (147 horiek eta eraikiko dituztenak kontutan hartuta), babes ofizialeko 900 etxebizitza berri izango dituela hiriak. “Etxebizitzaren arazoaz erabat kontziente gara, eta konponbidea jartzeko lanean ari gara; izan ere, helburua da beren bizitza proiektuak beren hirian geratu nahi dituztenek horretarako aukera izatea”, erantsi du.
Orotara, 1.175 etxebizitza eraikiko dituzte eta horietatik 887 inguru babes publikokoak izango dira. Horrez gainera, auzorako ekipamendu publikoak eraikitzeko asmoa dute, hala nola, igerileku publikoak eta bestelako kirol ekipamenduak.
Partzela besterenduta, udalak aipatu du IRUNVIk aukera izango duela eremu osoko urbanizazio obrak lizitatzeko. Horien urbanizazio aurrekontua 20 milioi eurokoa izango da. IRUNVIk urbanizazio obra uda baino lehen lehiaketara ateratzeko asmoa jakinarazi du, obrak urte honetan bertan hasi ahal izateko.