Psilocybeko Elektrotxarangak kalejira egingo du hilaren 25ean
Hondarribiko Euskaraldiko Batzordeak antolatutako egitasmoa da, Psilocybe elkartearekin elkarlanean, gazteak bildu eta euskararen sustapena musika bidez indartzeko helburuarekin.

San Marko egunerako (hilak 25, ostirala) jarduera berezia antolatu du Euskaraldiak. Psilocybeko Elektrotxaranga herrian zehar ibiliko da kalejiran, 20:00etatik 22:30ak arte. Zumardian hasi eta Portuan amaituko dute ibilaldia. Bidean zehar, ordea, lau geldialdi egingo dituzte: Lehena Arma Plazan izango da, bigarrena Gipuzkoa Plazan eta azkena Portuan.
Herriko gazteek txarangarekin elkartuta euskararen aldeko ibilaldi musikala egitea da asmoa, gazteak bildu eta euskararen sustapena musika bidez indartzeko helburuarekin. “Txarangarekin batera euskal kantak abestuz, herriko bazterrak zeharkatuko ditugu, giro alai eta parte hartzailean” esan du Judas Arrieta Euskaraldiko dinamizatzaileak. Honakoa, gainera, ez dela “ohiko txango bat” gaineratu du, “euskararekiko maitasuna adierazteko modu dibertigarri eta hunkigarria” baizik.
Jarduera hau Hondarribiko Euskaraldiko Batzordearen ekimenez antolatu da, Psilocybe elkartearekin elkarlanean.
Ibilbidea
Hilaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan Damarri plazatik abiatuko dira, eta segituan Santa Maria atea gurutzatuko dute. Kale Nagusian gora Arma Plazara helduko dira. Ondoren, San Nikolas karrikatik Harategi karrika igaro eta Gipuzkoa Plazara helduko dira. Geldialdia egin eta gero Santiago Konpostela kaletik jaitsiko dira erdigunera, ibilbidea San Pedro kalean amaitzeko.