Irungo Atseginak zortzi buruhandi berri izango ditu
Hilaren 26an (larunbata da) egingo dute bizilagun handien aurkezpen publikoa, festa biribil batekin.

Datorren hilaren 26a (larunbata da) Irungo Atsegiña elakrtearentzako eta irundar askorentzako egun berezi eta seinalatua izango da, Erraldoi eta Buruhandien konpartsara gehituko zaizkion zortzi buruhandi berri aurkeztuko baititu elkarteak. Festa egun batekin ospatuko dute kide berrien iritsiera. Alde Zaharreko kaleetan barrena desfilea egingo dute, eta ondoren, Irungo Erraldoia sariaren ekitaldia izango da.
10:30ean hasiko da hilaren 26ko festa eguna, elkartearen egoitzatik konpartsan abiatuko dira. 11:00etan, San Juan plazan, ekitaldi sinbolikoa egingo dute. Jarraian, zortzi buruhandi berriak aurkeztuko dituzte publikoki, estreinakoz ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ondoren, erdiguneko kaleetan barrena ibiliko dira erraldoi eta buruhandiak. Sargia kalean une berezia biziko da, bertan batuko baita festara Irungo Hiria Musika Banda. Bandako kideek jasoko dute aipatutako saria, “hirian egindako ibilbide luzearengatik”. 13:00etan izango da entrega. Anaitasun bazkari batekin biribilduko dute egun berezia.
Herritar orori luzatu diote eguneko ekintzetan parte hartzeko gonbita.