Osasun Sailburuarekin bilera eskatu dute Irun eta Hondarribiko alkateek
Bidasoko familien interesekin bat datorren konponbide bat emateko kontsentsuaren alde lan egitera deitu dute bi alkateek.

Hautsak harrotu ditu Bidasoa Ospitaleko Pediatria Larrialdi zerbitzua ixteko Osasun Sailak hartu duen erabakiak. Horren ordez, luzatu egingo dute Irungo Erdiguneko eta Dunboako anbulatorioetako zein Hondarribiko Itsas Etxeko pediatren kontsulta ordutegia bi orduz arratsaldez, astean zehar. Orain arte, arreta pediatrikoa osasun zentro horietan 08:00etatik 15:00etara izan da. Lanegunetan 15:00etatik 17:00etara ere eskainiko da pediatria zerbitzua, baina Bidasoa Ospitaleak egunero 17:00etatik 08:00etara ematen duen larrialdi pediatrikoen zerbitzua itxiko dute. Maiatzaren 1ean dago aurreikusia indarrean sartzea erabaki hori.
Egoeraren aurrean “kontsentsuaren alde” egin dute Irungo eta Hondarribiko alkateek, eta Alberto Martinez Osasun sailburuari, gaiaren gainean adostasunak bilatzeko bilera eskatu diote. Cristina Laborda eta Igor Enparan Irun eta Hondarribiko alkateek, hurrenez hurren, beharrezkoa jo dute kontsentsuaren alde lan egitea Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin batera, “eskualdeko familien interesekin bat datorren konponbidea emateko auziari”.
Joan den ostegunean bildu ziren bi alkateak Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, eta bertan izan ziren Bidasoa ESI eta Bidasoa Ospitaleko lehen mailako arretako pediatria arloko arduradunak ere. Egoeraren berri lehen eskutik jaso zuten bi alkateek, eta eskaera zehatza egin Bidasoko osasun arretaren ereduan gertatzen den edozein aldaketa Bidasoa ESIko Gizarte Kontseiluan adsostuta egin dadila beti, “organo horretan ordezkatuta baitaude eskualdeko eragile soziosanitario nagusiak”.
Osasun sailburuari eskatutako bileraren bidez Bidasoko herritarren “benetako beharrak” kontuan hartuko dituen “adostasun zabala” lortu nahi dutela azaldu dute Labordak eta Enparanek: “Seme-alabak dituzten familien artean sentsibilitate sozial handia piztu du gaiak, eta hori horrela prest gaude Eusko Jaurlaritzarekin batera lankidetzan aritzera pediatriako larrialdien arloko egungo eredua aldatuko ez duen akordio bat lortze aldera”.