"Lehen arretan dagoen asistentzia bermea arriskuan ikusi dugulako aldatu dugu eredua"
Maiatzaren 1ean itxiko dute pediatria larrialdietako zerbitzua Bidasoko Ospitalean, eta erabakia hartzeko"datu ikerketan" oinarritu direla azaldu du Maria Eugenia Ekiza Bidasoa ESIko zuzendariak.

Lehen arretan dagoen asistentzia bermea arriskuan ikusi dutela, eta horrek orain arteko zerbitzu eredua aldatzera eraman dituela azaldu dute gaur Bidasoa ESIko arduradun eta pediatria buruek. Kezka eta egonezina eragin du eta horrela adierazi dute Bidasoko hainbat eragilek Bidasoko Ospitaleko pediatria larrialdietako zerbitzuaren itxierak, eta erabakiaren atzean dauden arrazoiak azaltzeko komunikabideekin bilkura egin dute Bidasoa ESIko zuzendariak eta pediatria buruek.
Antxeta Irratiak jaso ditu arduradun horien azalpenak. Maiatzaren 1ean itxiko dute pediatria larrialdietako zerbitzua Bidasoko Ospitalean, eta erabakia hartzeko”datu ikerketan” oinarritu direla azaldu du Maria Eugenia Ekiza Bidasoa ESIko zuzendariak. Ez dela orain gutxi hartutako erabakia esan du arduradunak, hilabeteak direla eraldaketa baten beharra sumatu zutela zerbitzuaren ereduan, “beharra sumatu genuen arriskuan jartzen ari zelako lehen arretan zegoen asistentzia bermea, genituen beharrak ez zituen erantzuten zerbitzuak, eta urtebetetik gora eman dugu lanean erabakia hartzeko”.
Itxierarako hiru arrazoi eman ditu zuzendariak; erpin ezberdinei eragiten diete arrazoi horiek. Batetik, larrialdietako zerbitzura jotzen zuten pediatria gaixoen larritasun maila aipatu du, eta datu bat eman: “Heltzen zirenen %90 4-5 larritasun mailarekin egiten dute eta horiek lehen arretan arta daitezke arazorik gabe”. Osakidetzak 1etik 5erako larritasun mailak sailkatzen ditu, larrienetik arinenera. Bestetik, arreta gertuko zentro batean eta konfiantzazko pediatra baten eskutik ematearen garrantzia jarri du nabarmen Ekizak. Une honetan duten ereduarekin ezinezkoa dela hori defendatu du zuzendariak, pediatrek guardiak egin behar izaten dituztelako, eta hori horrela ezin dute egunero anbulatorioetako kontsultan aritu. Azkenik, pediatren lan baldintzak aipatu ditu. Proposatutako eredu berriaren arabera, lan ordutegi eta lanerako leku finko bat izango dute ez baitute guardiarik egin beharko.
Une honetan Irungo Erdialdeko anbulatorioan eta Dunboakoan, zein Hondarribiko Itsas Etxean 08:00etatik 15:00etara izaten dira pediatrak. Hortik aurrerakoak, pediatria larrialdietara jo behar dute Bidasoko Ospitalera. Proposatu duten eredu berriaren arabera, hiru anbulatorioetako pediatria kontsultak08:00etatik 17:00etara izango dira astean zehar. Ordutegi horretatik kanpo, asteburu eta jaiegunetan, berriz, larrialdiak Irun Erdialdeko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean (EAG) artatuko dituztela azaldu du Ekizak.
Antolaketa eredu berriarekin pediatra bakoitzak bere postu finkoa eta ordutegi zehatza izango dituela esan du Ainhoa Zabaleta pediatrak, “onuragarria da hori pediatrarentzat, baina baita haur eta familientzat arreta pertsonalagoa eta eta jarraipen zehatza egingo baitie. gaixotasuna hobeto artatzea eta ospitalera gutxiago joan behar izatea suposatzen du horrek”.Harago jo du Iratxe Salcedo pediatrak, eta esan du orain arteko antolakuntza “oztopoa” zela lehen arreta indartsu batera bidean.
Komunikabideekin partekatutako informazioa, eta egindako azterketa datuen txostena Irun eta Hondarribiko udaletan ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariekin ere partekatu dutela jakinarazi dute, azkenik.