Bidasoko ospitaleko larrialdi pediatrikoen itxieragatik kezka azaldu du Irungo EH Bilduk
Bidasoko haur eta familientzat "ezinbestekoa" dela zerbitzua eta haren itxierak hiriko osasun zerbitzuen "galera berria" suposatuko duela salatu du koalizio subiranistak.

Kezkatuta azaldu da EH Bildu Bidasoko ospitaleko pediatria larrialdi zerbitzuaren itxierarekin. Prentsa oharra helarazi du komunikabideetara erabakia salatu eta zerbitzua mantentzea eskatzeko. Erabakiaren atzean Osasun sailaren “kudeaketa desegokia” jarri du koalizio subiranistak, eta informazioa jasotzeko bidearen gainean ere adierazi du desadostasun betea. Izan ere, azken asteetan komunikabideetan zabaldutako informazioaren bidez izan dutela erabakiaren berri azaldu du EH Bildu.
Argi esan du koalizio subiranistak, “Bidasoko haur eta familientzat ezinbestekoa den zerbitzuaren itxiera honek, hiriko osasun zerbitzuen galera berri bat suposatuko du, Osakidetzak zerbitzuan hobekuntzak egingo dituela saldu bazuen ere, anbulatorioetako ordutegia zabalduko zuela iragarrita”. Onartezina da Irungo EH Bilduren usterako Bidasoko ospitaleak pediatria larrialdietan ematen duen zerbitzua, anbulatorioetako pediatria zerbitzuaren ordutegia zabalduta ordezkatzea.
Euskadiko Medikuen Sindikatuen adierazpenei ere egin die erreferentzia, “sindikatu horrek Osakidetzaren azken adierazpenak ezeztatu egin ditu. Neurria profesionalekin batera adostu izana ukatu du sindikatu horrek eta salatu du pediatriako larrialdietako zerbitzuekin bukatzea duela helburu erabakiak. Hori gutxi balitz, inprobisazio bidez kudeaketa egitea ere egotzi dio Osakidetzari”.
Nabarmen jarri du halaber EH Bilduk, Irungo alkateari berari ere ez diola Osasun sailak gaiaren gaineko informazio zabalegirik eman.
Informazio eskasaren eta azalpen faltaren ardura Osasun sailari egotzi dio koalizio subiranistak, “Bidasoko herritarren ezinegonaren erantzule zuzena bera da”. Egoera bideratzeko eskatu du, maiatzaren 1eko itxiera eman aurretik, “Osasun sailburua Irun eta Hondarribiko udalekin bildu, eta bide batez pediatria larrialdietako zerbitzua mantentzeko beharrezkoak diren neurriak lehenbailehen hartzea exijitzen dugu”.