Bost greba egun gehiago iragarri dituzte hezkuntza publikoko irakasleek
Maiatzaren 12tik 16ra deitu dituzte grebak Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. Argudiatu dute Hezkuntza Sailak helarazi dien azken proposamena ez dela nahikoa, eta "eduki, zehaztapen eta bermeak falta" dituela.

Bederatzi greba egun egin dituzte aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek. Joan den asteko asteazkenean egin zuten azkena, eta Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek ohartarazi zuten grebekin jarraitzeko indarrez zeudela, Hezkuntza Sailak aldarrikapenei erantzun ezean. Argudiatu dute Hezkuntza Sailak helarazi dien azken proposamena ez dela nahikoa, eta “eduki, zehaztapen eta bermeak falta” dituela. Horregatik, beste bost greba egun deitu dituzte irakasleek, borrokaldi ziklo berria iragarri dute: maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an izango dira.
Hamabost urte daramatzate irakasleek lan hitzarmena eguneratu gabe. Sindikatu deitzaileek gaur azaldu dutenez, joan den astean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziaziorako egutegia besterik ez zien aurkeztu, eta atzo (asteazkena) arratsaldean helarazi zien proposamen bat. Proposamen horrek ez die erantzun egokirik ematen sindikatuek aldarrikatutako edukiei. Horregatik erabaki dute berriro grebara jotzea.
Besteak beste, hauek dira irakasleen eskaerak: lan zamak arintzea; lanpostu publikoak bermatzea eta egonkortzea, erosahalmena berreskuratzea; eta lan osasuna, euskara eta hezkidetza bermatzeko proposamenak egitea. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan 27.000 irakasle daude hezkuntza publikoan.