Bertsoa eta txotxa, Ola sagardotegian
Hilaren 26an bertso afaria egingo dute sagardoaren hotelean eta Arzallus, Egaña, Peñagarikano eta Mendiluze arituko dira bertsotan.

Urteroko hitzordua da Ola sagardotegiko bertso afaria eta aurtengoan ezin zuen hutsik egin. Belaunaldi aldaketa bizi du Irungo sagardotegiak, Eider Bengoetxeak hartu baitzuen urtarrilean sagardoaren hotelaren batuta, bere aitak pasatakoa.
Dena den, usadio honi eutsi eta hilaren 26an (larunbata) Amets Arzallus, Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze gerturatuko dira. Hitzordua 20:30ean hasiko da eta afaldu nahi duenak sagardotegi menua dauka aukeran 35 euroan, kafea eta koparekin. Erreserba egin behar da 943 623 130 telefonoan edo haien webgunean.