[Berria-ren webgunetik hartutako informazioa]
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak Iratxe Sorzabal irundarra absolbitu du, esanez ez dagoela baieztatzerik 1995ean hark jarri zuela lehergailua Alacanteko aireportuan (Herrialde Katalanak). Epaiketan, haren aurkako «froga sendo» bakarra ustez Sorzabalek ETAren zuzendaritzari bidalitako gutun bat izan zen, baina, epaimahaiaren arabera, ez dago baieztatzerik hura Sorzabalek idatzi zuela.
Martxoaren 17an eta 18an epaitu zuten Sorzabal, 1995ean Alacanteko aireportuko zaborrontzi batean lehergailu bat uztea egotzita. Epaiketan, euskal presoak adierazi zuen inkomunikazio aldian eta torturapean hartu zituela bere gain ETAren zenbait ekintza, tartean, Alacanteko hura. «Polizia deklarazioa egiten ez banuen, okerrago izango zen, eta ezin nuen gehiago», esan zuen, eta ukatu egin zuen berak inolako zerikusirik izatea.
Epaimahaiak ez die erreferentziarik egiten Sorzabalek salatutako torturei, baina bai adierazten du polizien aurrean egindako adierazpen horiek ezin direla froga gisa erabili, han jasotakoak ukatu egin baitzituen epailearen aurrean.
Fiskaltzak ez zuen froga gisa erabili deklarazio hura, baina bai egin zizkion zenbait erreferentzia, argudiatzeko ustez Sorzabalek espetxetik ETAren zuzendaritzari bidalitako gutun bat froga baliagarria zela egiletza baieztatzeko. Hala, sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat.
Beste txosten bat erabili ez izana ere kritikatu du. Hark, epaimahaiaren esanetan, ETAren Ibarla komandoaren nondik norakoak jasotzen ditu, eta Poliziak Frantzian aurkitutako dokumentazioarekin alderatzen. Uste dute txosten horrek balioko zukeela egiletzaren ingurukoak argitzeko.