Hilaren 7an irekiko dute San Pedro eta San Martzialetako kartela aurkezteko epea
Hilaren 25era arte egongo da kartelak Amaia KZn proposatzeko epea irekia. Hilaren 29an bilduko da Batzorde Artistitikoa bi finalistak hautatzeko, eta maiatzaren 5etik 15era arte egongo da bien artean bozkatzeko aukera.

San Pedro eta San Martzialak hurbiltzen ari diren honetan, Irungo Udaleko Kultura Arloak jaietako kartel proposamenak aurkezteko epea hilaren 7tik 25era artekoa izango dela adierazi du. Proposamenen bat aurkeztu nahi duenak fisikoki aurkeztu beharko du Amaia KZko Aureliano Lopez Becerrako sarreran. Asteartetik larunbatera bitartean 18:00etatik 21:00etarako tartean aurkezten ahalko dira lanak; igandeetan, ordea, 11:30etik 13:30era.
Apirilaren 29an egingo du Batzorde Artistikoak bi finalistak aukeratzeko bilera. Bileraren ostean, maiatzaren 5etik 15era herritarrek bi kartelen artean bozkatzeko aukera izango dute, eta maiatzaren 16an jakinaraziko du batzordeak emaitza.
70×50 zentimetrokoak izan beharko dira kartelak, eta ondoko testua jaso beharko dute: “IRUN. SAN PEDRO – SAN MARTZIAL 2025. Ekaina-Junio”. 1.200 eurokoa izango da lehen saria, eta 300 eurokoa accesita. Oinarriei buruzko informazio guztia Irungo Udalaren webgunean ikus daiteke.
Gainera, aurkeztutako lan guztiak ekainaren 13tik 29 arte Amaia KZko erakusketa aretoan ikusgai egongo dira.