Udaberriko eskola feministan, maskulinitateaz, etxeko lan txikiez eta komunikazioaz
Ekainera bitartean luzatuko da udaberriko eskola feminista eta hilaren 11tik aurrera eman daiteke izena. Doako haurtzaindegi zerbitzua egongo dela gogoratu dute.

Udaberrian ere eskola feminista egingo da Irungo Emakumeen Etxean eta honen aurkezpena egin dute Maite Cortina Berdintasuneko eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak, Maribel Castello, Olga Rivas eta Ana Zapatero Emakumeen Etxea elkarteko (EEE) kideekin batera.
Programazioa hiru tailerrek eta ikastaro batek osatzen dute. Jardueretan parte hartzeko izena eman behar eta epea hilaren 11n zabalduko dute. Irungo Udalaren webgunean sartu behar da horretarako, baina Emakumeen Etxera gerturatuta ere eman daiteke izena. Kontziliazioa errazte bidean, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzako doako haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute.
Ikastaro bat eta hiru tailer
Ikastaroa, Bidasoa Lanbide Heziketan eskainiko du Markel Zubeldia irakasleak, eta zurgintzari eta altzari-muntaketari buruzkoa izango da. Xedea, emakumeek jarduera horiekin lotutako etxeko lan txikiak egiteko trebakuntza eskaintzea da. Asteartetan, elkartuko dira 10:00etatik 12:30etara.
Besteak beste, esku erremintak eta elektro-eramangarri ohikoenak erabiltzen irakatsiko du Zubeldiak. Oinarrizko akaberak pasta, olio, berniza eta argizaria erabiliz nola egiten den ikasteko aukera ere egongo da ikastaroan. Halaber, altzari sinpleak muntatuko dituzte, baita horiek instalatzen ikasi ere.
Hiru tailerrei begira, horietako bat Adineko emakumeen aurkako indarkeria izenekoa da. “Begirada zabaltzeko” helburuarekin prestatu dute eta hainbat indarkeria matxista motak aztertuko dituzte, baita horiek nola eragiten duten emakumeen bizitzako etapa helduenean.
Hiru saio izango dira: maiatzaren 18an, 15ean ta 29an, ostegunean, 10:00etatik 12:00etara, eta Pepa Bojo gaian aditua izango da tailerra ematearen arduraduna.
Komunikazioan trebetasuna landu nahi duenak edota jendaurrean hitz egiteko tresnak jaso nahi dituenak Ana Egiazabalekin izango du hitzordua. Tailerra eskainiko du Egizabalek: Komunikazio trebetasunak: jendaurrean hitz egitea eta partekatzea.
Azkenik, gizonei zuzendutako bi tailer eskainiko ditu Mikel Otxotorenak eta maskulinitatea izango du hizpide. Tailer hauek maiatzaren 27an, ekainaren 3an izango dira, 17:30etatik 20:30etara. Hausnarketa sustatuko dute, desberdintasun sozialei buruzkoa, hau da, gizonekin maskulinitateen eraikuntza sozialaren gaia landuko dute.
Cortina ordezkariaren esanetan, programazio honek “herritarrentzat beharrezkoak diren gaiez hitz egiteko” aukera emango du eta egitarauren barruko hainbat proposamen jarri ditu eredu: Esaterako, aroztegiari eta komunikazio trebetasunei buruz ikasiko dugu, indarkeria motaren bat pairatzen duten edo jasan duten adineko emakumeen eragina ikertuko dugu eta tailer bat egingo dugu gizonezkoentzat bakarrik, haiek ere gizarte berdinago bat lortzeko borroka horren parte baitira”.
Castello EEEko kideak nabarmendu du eskolaren programazioak bat egingo duela bertako beste programazioekin, udaberriko eskola aberastuz. Elkarrizketa Feministak saioekin eta Zinema Feminista Zikloarekin ere kointzidituko du, hain zuzen. Balioan jarri du udalarekin batera helburu partekatuetan lanean jarraitzeko akordioa.