'Miñan' eta 'Zorretan' antzezlanak, udaberriko udal kultur egitarauan
Euskarazko hiru antzezlan jasoko ditu Amaia KZk, eta sarrerak eros daitezke jada. Kemen eta Eraiki dantza taldeek ere emanaldi bana programatu dute. Euskarazko edukiak nabarmendu ditu HITZAk.

Aste honetan jakinarazi du udalak zein den udaberrirako Kultura departamentuak Amaia KZrako ondu duen programazioa. Apirilerako eta maiatzerako prestatu duten programazio hau “oso erakargarria” dela aurreratu du Nuria Alzaga udal ordezkariak.
Euskarazko edukiei erreparatuta, euskarazko antzerkiaz gozatzeko hiru hitzordu proposatu ditu udalak. Horietako bi helduentzat dira, eta beste bat haur eta familientzat.
Artedrama konpainiaren Miñan antzezlanak lur hartuko du Irunen maiatzaren 24an, 19:00etan. Obra hau Ibrahima Balde eta Amets Arzallusek idatzitako Miñan liburuan oinarrituta dago. Besteak beste, Eihara Irazusta aktore irundarrak hartzen du parte obra honetan.
Hika antzerki taldea ere igoko da Irungo oholtzara eta Zorretan lana eskainiko dute maiatzaren 3an, 19:00etan. Tragikomedia absurdo bat da honakoa eta amatasuna, zaintza eta maitasuna ditu hizpide. Etxera begira jarrita, Miren Gaztañaga aktore irundarra da obrako aktoreetako bat.
Khea Ziater antzerki taldeak Scrooge eta mamuak taularatuko du maiatzaren 4an, 17:00etan. Haurrei zuzendutako antzezlana da, eta diruarekin obsesionatuta dagoen bankari berekoi eta zekena, maitasunean sinesteari utzi dion pertsonaia izango da protagonista.
Dantzaz gozatzeko aukera ere egongo da eta Kemen Dantza Taldeak dantza emanaldia eskainiko du etzi, hilak 6, 19:00etan. Geroago, maiatzaren 17an, Eraiki Dantza Taldearen txanda izango da.
Zinema zaleek Giza Eskubideen Zinemaldiaz etxetik gertu gozatzeko aukera edukiko dute. Maiatzaren 9an izango da hau, 19:00etan.
Zure Abenturaren Bilaren hainbat saio egingo dira ere, eta Ricardo Requejo Zikloko kontzertuak ere udaberrian loratuko dira. Egitaraua osorik, Amaia KZren orrialdean kontsulta daiteke osorik.
Bestalde, egitarau honetatik kanpoko eta kulturari lotutako beste hainbat ekintza nabarmendu ditu Alzagak, besteak beste, hilaren 23aren bueltako liburuaren azoka eta terma erromatarren inaugurazioa.