Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu dute hilaren 8rako
Euskal Herri osoan zehar "lurra, justizia eta bakea" lelopean antolatu diren elkarretaratzeekin bat egingo dute hondarribiarrek.

Hondarribiko Gernika-Palestina herri ekimenak elkarretaratzea egingo du datorren hilaren 8an. Saregileen plazan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Herritar orori zabaldutako deialdia da.
Gernika-Palestina herri ekimenak deituta Euskal Herri osoan zehar antolatu dituzte elkarretaratzeak, “lurra, justizia eta bakea” lelopean. Okupazioari eta palestinar herriari ezarritako apartheid sistemari bukaera emango dion konponbide integral bat eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko irtengo dira herritarrak kalera. Eta aldi berean, Mendebaldearen “elkartasun aktiboa” eskatuko dute ere; “izan ere, basakeria horren erantzule zuzenak ez badira ere eta axolagabekeriak edo pasibotasunean etortzeak gizatasuna galtzea eragingo luke”.
“Palestinari ahotsa ematea eta erabakitzeko duten eskubidea bermatzea ezin da arazoa izan”, esan dute Hondarribiko Gernika-Palestina herri ekimeneko kideek, “konponbidearen hasiera baizik; segurtasunari eta bakeari eginiko ekarpena, Palestinan eta mundu osoan”.
Zentzu horretan, herri ekimeneko kideek argi dute bakea, justizia eta errespetua bultzatzea “etorkizuneko erantzunak” ematea dela, eta herritar orok hartu beharreko konpromisoa dela uste dute. Horregatik, gisa honetako egitasmoen bidez, euskal herritarrak “historiaren alde onari” ekarpena egiten ahaleginduko direla adierazi dute.